Euskararan zapalketaz mintzatu da Koldo Izagirre saiakeran
Nobela beltzaren izenburua darama baina, saiakera da «Autopsiarako frogak» liburua; Koldo Izagirrek (Pasaia, 1953) idatzitako azkena. Euskara protagonista den honetan, analisi eta hausnarketa bidez «autoderteminazio linguistikoa»aren premia nabarmendu du.
O. LARRETXEA | DONOSTIA
Ez fantasiazko izakirik, ez haragizko pertsonaiarik. Koldo Izagirreren azken lanean hizkuntza bat da protagonista, hain zuzen, geurea, euskara. Garai ezberdinetako pasarteak, dokumentuak eta gertaerak gogora ekarriz, euskarak jasaten dituen erasoak, zapalkuntzak, gaur egun bizi duen egoera eta hizkuntza bera inguratzen duten beste hamaika kontu eta beste hainbeste iritzi propio bildu ditu pasaitarrak «Autopsiarako frogak» Susa argitaletxean plazaratutako liburuan. Nobela beltzaren izenburua duen arren, saiakeraz baliatu da idazlea ideia horiek guztiak biltzeko. Azpi-izenburuan ere ez du baikortasunik agertu. «Artseniko aztarnak gure hizkuntzan» jarri baitio.
Emaitzak iradokitzen du lan hau egiteko hartu duen lana handia izan dela, ondo baieztatuta eta frogatuta agertu baitu guztia. Hala ere, umil agertu zen atzo Donostian egindako aurkezpenean. «Ni idazlea naiz, ez eruditua, ez historialaria, ez linguista, ez naiz soziologoa... Beraz, nik idazleak egin dezakeen liburua egin dut».
Liburua zenbakiz adierazitako hamaika ataletan banatuta dago eta denak elkar lotuta daude. «Tituluak elebitasunaz, egoera linguistikoaz eta abarrez arituko balira gezurretan arituko nintzateke».
Pentsamendu lana
Prozesuari dagokionez, onartu zuen azken puntua jartzea «ia ezinezkoa» suertatu zitzaiola «euskararen inguruan egunero ematen direlako iritzi ponderatuak irainka eta gezurka, pozoia sartzen dutenak». Argitaletxeak egun zehatz baterako eskatu zion eta horixe izan zela «nolabaiteko muga», gehitu zuen.
Ideian artean, idazleak zioen euskara aipatzen den orotan «zapalketa gogor batez» ari garela. «Eskolan garai batean ez zuten gazteleraz ez egiteagatik zigortzen -oroitu zuen-, euskaraz egiteagatik baizik». Hala, «autodeterminazio linguistikoa» eskuratzeko garaia badela esan zuen. Alegia, euskararen menpekotasuna amaitzeko garaia.
Susak poltsiko formatuan kaleratu du «pentsamendu lanak beti alboan eraman behar direlako», zioen argitaletxeko Gorka Arresek.