GARA > Idatzia > Kultura

Donna Leonen lehen eleberria euskaratu dute, italieraz emateko jartzen dituen trabarik gabe

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

Brunetti komisarioaren sortzailearen lehen eleberria euskarazko bertsioan aurkeztu zuten atzo Iñaki Aldekoa Erein argitaletxeko editoreak eta Koro Navarro itzultzaileak. «Heriotza La Fenicen» Brunettiren jaiotza izan zen, Donna Leonen lehen eleberria.

Koro Navarrok azaldu zuenez, opera, Venezia eta nobela poliziakoa gustatzen zaionarentzako eleberria da. Izan ere, nahiz eta protagonista nagusia Brunetti komisarioa izan, bere ustez beste protagonista Venezia da. «Leonek aipatzen dituen toki guztiak, kaleak, eraikuntzak eta tabernak egiazkoak dira, eta ondorioz, liburua irakurtzean bertan zaudela dirudi».

Brunettiren nortasuna deigarritzat jo zuten bai editoreak, bai itzultzaileak, ez baita beste autore askoren protagonisten antzerakoa. Bizitza normal bat darama honek, familia normal bat du. Etxean giro goxoa du eta emaztea maitatzen jarraitzen du. Gainera, goxotasun horrek irakurlearengana iristeko ahalmena duela azaldu zuen Navarrok, eta hori dela-eta, irakurtzea oso «atsegina» dela esan zuen.

Heriotza «La Traviata»-n

Erraz irakurtzeko moduko estiloan idatzitako nobela da. Istorioa La Fenice antzokian hasten da «La Traviata» operaren emanaldi batean. Hirugarren etenaldiaren ondoren, orkestrako zuzendariaren falta sumatzen dute. Hilik topatuko dute. Hori da abiapuntua. «Zuzendariaren pertsonaia Herbert von Karajan zuzendarian oinarrituta dagoela dirudi», esan zuen Navarrok. Gainera, gaur eguneko hainbat gai ere landu ditu Leonek, baina, istorioaren harira datozela azaldu zuen, ez dutela garrantzi gehiegirik.

Itzulpen debekatua

«Heriotza La Fenicen» hamaika hizkuntzetara itzuli da 1992an argitaratu zenetik. Hala ere, hizkuntza bat falta da, eta agian oinarrizkoena da bera. Izan ere, Donna Leonek bere liburuak italierara itzultzea debekatuta du, nahiz eta Venezian izan bere bizitokia orain aspalditxo.

Navarrok azaldu zuenez, Leonek bere intimitatea gorde nahian hartu zuen erabaki hori, bere herrian beste edonor bezala tratatzea nahi baitu. Hori dela eta, kritika latzak jaso ditu Italian, eta ez da oso maitatua. Gainera, bere liburuetan deskribatzen duen Italia estereotipo bat bakarrik dela aurpegiratu diote.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo