GARA > Idatzia > Euskal Herria

Abenduaren 6an Herri Eskoletan parte hartzeko deia egin du IAk

GARA

«Abenduaren 6an, euskal ikasleak klasera joango gara eta Euskal Herriaren eraikuntzan hezkuntzak jokatzen duen paperaz mintzatuko gara», adierazi zuten Ikasle Abertzaleko eledunek atzo egindako prentsa agerraldian. Konstituzio espainolaren egunean ez dutela ospatzeko ezer eta «jai egun arrotzei intsumisioa egin eta egutegi propio baten alde» ikastetxeak zabalduko dituztela jakinarazi zuten.

«Hezkuntza herrien motore» izango da datorren asteleheneko Herri Eskoletako gaia, eta, helburua «aurrera begira jartzea eta egun bizi dugun erasoaldiari erantzuna emateko herriak hartu behar duen paperaz jabetzea» dela zehaztu zuten.

Horregatik, euskal ikasleriari, gazteriari eta, finean, herritar guztiei dei egiten diete jai arrotzekiko intsumiso izateko eta, bide batez, ikastetxe, unibertsitate eta herrietan egingo diren Herri Eskoletan parte har dezaten.

Horrela, «Euskal Herria ikasiz eta egutegi propio bat aldarrikatuz, Hezkuntza Sistema Nazionala eraiki eta Euskal Eskola Nazionala irudikatu dugu», gehitu zuten.