GARA > Idatzia > Euskal Herria

Postontzietako iragarkietan euskara gutxi agertzen dela ondorioztatu du Behatokiak

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak «Postontzietako publizitatea eta hizkuntza eskubideak» txostena aurkeztu zuen atzo Donostian. Txostenean jasotzen diren iragarkien %78 erdara hutsean daude. Hizkuntza eskubideak ez urratzeko euskaraz ere izan behako lirateke.

p015_f01_148x140.jpg

Nagore BELASTEGI

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak herritarrek postontzietan jasotzen duten publizitatea aztertzen duen txostena aurkeztu zuen atzo Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean, eta atera zuten ondorio nagusia izan zen euskararen erabilera urria dela.

Behatokiak txostena prestatu ohi du urtero, eta aztertutako arloetan aipagarria den zerbaitekin topo egiten badute, txosten berezia egiten dute, esate baterako, honako «Postontzietako publizitatea eta hizkuntza eskubideak Euskal Herrian» lana. Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriati eta Gurutze Maritorena, Behatokiko kidea arduratu ziren jasotako datuak plazaratzeaz.

Ikerlana gauzatzeko 2009ko ekainaren eta uztailaren bitartean postontzietan utzitako 244 iragarki aztertu dituzte, Euskal Herriko bost herrialdetako sei herri lagintzat hartuta: Barañain, Tutera, Donibane Lohizune, Gasteiz, Getxo eta Oiartzun.

Petriatik azaldu zuenez, herri horietan jasotako publizitatea sailkatzeko lau irizpideri jarraitu diote. Lehenengoa, iragarlearen izaera, hau da, ea enpresa edo saltoki handia ala txikia den. Bigarren irizpidea euskarria da. Hirugarrena, hizkuntzen erabilera iragarkiaren atal desberdinetan; eta laugarrena, kultura eskaintza, adibidez, liburu bat iragartzen bada iragarkia eta liburua bera zein hizkuntzatan dauden kontuan izan dute.

Nafarroaren zonifikazioa

Herrietan jasotako datuak azaldu zituen Maritorenak. Donibane Lohizunen 25 publizitate elementu aztertu zituzten, 1.166 alez osatutako multzoa, alegia, eta denak frantses hutsean zeuden idatzita.

Gasteizen 44 iragarki bildu zituzten. 33 gaztelania hutsean zeuden, eta beste hamaikek euskaraz idatzitako testuak zituzten gaztelaniarekin batera. Getxon, 42 esku-orri, katalogo eta menu aztertu zituzten, eta hamabostek baino ez zuten testua euskaraz.

Oiartzun da euskararen erabilerari dagokionez guztien gainetik nabarmentzen den herria, 32 publizitate elementu jaso, eta 22tan euskara azaltzen zela antzeman baitzuten. Beste hamaikak, gaztelania hutsean zeuden, halere.

Nafarroako kasua guztiz kontrakoa da. Hizkuntzaren zonifikazioa aplikatzen dute bertan. Tutera eremu ez euskaldunean sailkatua dutenez, Behatokiak aztertu dituen 20 iragarkien sorta -guztira 432 ale- gaztelaniaz daude oso-osorik. Barañainen, berriz, eremu mistoan sailkatua, 81 iragarkietatik seik dituzte euskarazko testuak. Maritorenak nabarmendu zuen Barañain Iruñerriko bigarren hiririk handiena dela, eta eskualde hori dela Nafarroan euskara gehien hitz egiten den tokia, beraz ez dutela ulertzen nolatan dauden 74 iragarki gaztelania hutsean.

Behatokiak salatu du Euskal Herri osoan banatzen diren iragarkiak, euskarak herrialde bakoitzean duen «hizkuntza estatusaren arabera» hizkuntza bakar batean edo bietan joango direla, nahiz eta produktu berdina iragartzen duten.

Bestalde, postontzietan jasotzen den publizitatea batez ere irudietan oinarritzen dela argitu du Behatokiak. Horregatik, bi hizkuntzetan idazteko espazio falta ez du arrazoi nahikotzat hartzen, eta publizitatea ere komunikazio prozesu bat denez, euskara ere erabiltzeko eskatzen du, euskal hiztunen hizkuntza eskubideak ez urratzeko. Petriatik iragarleak gonbidatu zituen euskara bezeroak erakartzeko tresna gisara erabiltzera, eta era berean, euskaraz kontsumitzea «kontsumo arduratsua egitea» ere badela nabarmendu zuen.

Euskal Herri euskaldun eta burujabearen aldeko manifestaldia

Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduak 30 urte bete zituen iaz, eta hori ospatzeko, Ion Ansak «Izan, egin, eragin. Euskal Herrian Euskaraz» dokumentala egin du. Atzo Donostiako DOKA kafe antzokian prentsaren aurrean aurkeztu zuten, baina jendaurreko aurkezpena datorren astelehenean, abenduaren 6an, izango da Durangoko Azokako aretoan. Aurkezpenean otsailaren 12an Donostian manifestaldia egingo duela iragarri zuen EHEk. Euskaraz bizitzeko bidea egin behar dela adierazi zuen Igone Lamarain mugimenduko kideak, eta helmugara iristeko, Euskal Herria euskalduna eta burujabea funtsezkoa dela nabarmendu zuen. GARA

191 erdaraz

Guztira 244 iragarki aztertu dituzte, 5.509 alez osatutako multzoa. Iragarki horietako 191k euskarazko hitz bakar bat ere ez zuten. 104 enpresen publizitatea aztertu dute. 70 saltoki handiak ziren eta 34, aldiz, txikiak.

euskal Araudirik ez

Hego Euskal Herrian ez dago publizitatean erabili behar den hizkuntza arautzen duen legerik. Ipar Euskal Herrian, ordea, frantsesaren erabilera derrigorrezkoa dela adierazten duen legea dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo