Administrazioak «erdara hutsez» funtzionatzen duela salatu du LAB sindikatuak
Nerea GOTI
Bihar Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Horren harira, LABek atzo adierazi zuenez, «beste egun guztietan euskarari administrazioko eta zerbitzu publikoetako ateak ixten dizkiotenek euren burua zuritzeko mozorro euskaltzalea jarriko dute». Izan ere, Osasuna, Irakaskuntza edota Administrazio arloetako LABeko ordezkariek agerraldi publikoa egin zuten, euskarak arlo publikoan bizi duen egoera «kezkagarria» azaltzeko.
Egoeraren argazki garbia emateko, errealitate bi deskribatu zituzten: «Zerbitzu publikoek nagusiki erdara hutsez funtzionatzen dute» eta «herritarrek ez dute hamaika zerbitzu publiko euskaraz jasotzerik». Zehaztu zutenez, egoera horren atzean hiru hamarkadetako «porrota» dago, eta horren muinean hizkuntza politikak norabide egokian jarri ez izana dago.
Sindikatu abertzaleak egiten duen hausnarketaren arabera, erabilera normalizatzeko abiatutako bidean, euskarak ez du izan «beharrezkoa duen estatus eta lege babesa». «Ez da borondate eta lidergo politikorik egon, ez da nahikoa baliabiderik esleitu, eta ezarritako neurriak ezegokiak izan dira», zehaztu zuten.
Bestalde, «normalkuntza gelditzeko edo oztopatzeko hartzen ari diren neurri berriak» ipini zituen mahai gainean LABek. Lan eskaintza publikoetako hizkuntz eskaki- zunen jaitsiera, euskaraz ez dakiten gero eta langile publiko eta kargudun politikari gehiago izatea, diru laguntzen murrizketa nabaria edota garapen plan edota kalitate neurgailuetan egiten ari den euskararen bazterketa aipatu zituzten euskarak pairatzen dituen erasoen artean. Bide horretan, UPNk aspaldian «aitzindaritza hartua duela» azaldu zuen LABek, eta PSE eta PPk bide bera egin nahi duela ohartarazi zuen sindikatuak.
Gauzak horrela, «aldatzeko garaia» dela adierazi zuen LABek eta euskararen normalizazioa bultzatzeko proposamena berrituko duela iragarri zuen.