Gobernu espainiarraren neurri ekonomikoek azalpen erraza dute: kapitalismoa
Ustekabean, baina ezustekoa izan gabe, Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernu espainiarreko presidenteak krisiari aurre egiteko neurriak -horrela esaten diote merkatuei aurre egiteari- iragarri zituen atzo. Nabarmena da neurri horiek hartuta egoera ekonomikoak ez duela hobera egiten, baina Zapateroren Gobernuak ez du bere ekonomiaren gaineko kontrolik; merkatuen mehatxuaren pean, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak agintzen diotena egitera mugatu du bere jarduna. Estatuko edozein herritarrek pentsa lezake Madrilgo Gobernuak badituela bere adituak eta horiek badakitela nola aurre egin krisiari. Hala ere, edozein herritarrek, ekonomiaz tutik jakin gabe ere, ikusten du nola krisian zehar hartutako neurri guztiek babes txikiena dutenei bortizki eragiten dien: langileei, erretiratuei eta, orain, langabeei, bestelako laguntzarik ez duten langileei, hain zuzen. Eta aldi berean, neurri horiek enpresentzako laguntzak eta pribatizazioak daramatzate eurekin. Horren zergatiak ez du ez azalpen handirik behar: kapitalismoa da. Zailagoa du Gobernu espainiarrak, ezkerrekoa omen denak, bere politika ekonomikoa azaltzea.