Mendebaldeari egotzi dizkio Iranek bi zientzialarien kontrako atentatuak
Irango programa nuklearraren gaineko nazioarteko bilera hastear dela, bi zientzialarien kontra izandako atentatuen ardura Mendebaldeko herrialdeei egotzi zieten atzo Teherango agintariek, Errepublika Islamiarra presionatzeko asmoz eginiko erasoak direla nabarmenduz.
GARA
Irango agintariek Mendebaldeko herrialdeei egotzi zizkieten astelehenean Irango zientzialarien kontra izan ziren atentatuak. Iranen eta potentzia nuklearren artean hastear diren elkarrizketei begira, Teheranen gaineko presioa egitea izango litzateke horien helburua.
«Lotsagaldu hauek euren aurpegi nazkagarriena erakutsi dute, makila eta azenarioaren politika, negoziazio nuklearrak hasi aurretik», esan zuen Irango programa nuklearraren arduradun Ali Akbar Salehik, atzo, Teheranen, Majid Shariari fisiko nuklearraren hiletan. Autoan jarri zioten lehergailu baten eztandaren ondorioz hil zen Shariari.
«Baina gu Khomeini imanaren ikasleak gara eta argi eta garbi zera esaten dugu: `hiltzen bagaituzue indartsuagoak izango gara'», esan zuen Salehik, telebista publikoaren arabera.
Salehik ez zuen Mendebaldeko herrialde zehatzik aipatu, baina Irango agintariek Israelgo eta AEBetako informazio zerbitzuei -Mossad eta CIAri- leporatu zioten Shariariren kontrako atentatua antolatzea, baita Irango programa nuklearrean parte hartu zuen Fereydun Abbassi Davani zientzialaria zauritu zuen leherketa ere.
NBEko Segurtasun Kontseiluko bost kide iraunkorrak (AEB, Errusia, Txina, Estatu frantsesa eta Britainia Handia) eta Alemania Iranekin bilduko dira hilaren 6an, Genevan, elkarrizketa bultzatzeko asmoz. Irango programa nuklearraren gaineko negoziazioa duela urtebete eten zen.
Elkarrizketa hauetan Iran ordezkatzen duen negoziatzaile Said Jalilik ere gogor jo zuen Mendebaldeko herrialdeen aurka.
«Eskura zituzten bitarteko guztiak erabili dituzte [Iran presionatzeko], erresoluzioak bozkatzea, zigorrak ezartzea eta presio politikoa erabiltzea. Gaur erailketa hautatu dute, kale itsu batean aurkitzen direlako», esan zuen.
Irango presidente Mahmud Ahmadinejadek asteartean egotzi zien Segurtasun Kontseiluko kideei bi atentaturen ardura.
IAEAren bilera
Irango programa nuklearra ere hizpide izango dute Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren (IAEA) gobernadoreen kontseiluak gaur eta bihar Vienan egingo duen bileran, Genevako topaketaren aurrekari.
Zortzi urte daramatza IAEAk Irango programa nuklearra aztertzen. Teheranek behin eta berriz esan badu ere soilik erabilera zibila duela, arma atomikoak prestatzeko ere balio duela diote Mendebaldeko herrialdeek, nahiz eta orain arte frogarik ez duten aurkeztu.
Erregai nuklearra biltzeko mundu osoko lehen biltegia sortu dute Siberiako Angarsk herrian Errusiak eta IAEAK sinaturiko akordio bati esker, atzo Rosatom Errusiako agentzia atomikoak iragarri zuenez.