LAB sindikatua lantokitik kanpo uzteko kaleratzeak planteatu ditu Zure enpresak
LABek salatu duenez, sindikatu honetako bi afiliatu, beste bost langilerekin batera, kaleratu nahi ditu enpresak hauteskunde sindikalen atarian. Hautagai gisa aurkezteko asmoa zuten biek. 2006. urtean ere LAB lantokitik kanpo uzteko azpijokoak erabili zituztela salatu du.A.Z. |
Erandioko Estudios Gráficos Zure enpresak langileak kaleratuz LAB sindikatua lantokitik kanpo utzi nahi duela salatu zuen atzo sindikatu honek. Zehazki, pasa den azaroaren 19an, arrazoi ekonomikoak argudiatuta, enpresako 36 langileetatik zazpiri kaleratze gutuna eman zien enpresak. Horietako bi LAB sindikatuko afiliatu eta militanteak dira, baita senar-emazte ere. Bietako bat gainera, Bizkaiko Arte Grafikoetako Hitzarmenaren negoziazio mahaiko kidea da duela 20 urtetik hona. LABek argi du 57 urteko bikotea kaleratzeko nahiaren arrazoia euren militantzia dela. «Enpresan izan duten jardunagatik eta euren ibilbide sindikalagatik zigortu nahi izan dituzte eta bestalde, hurrengo hauteskunde sindikaletan euren presentzia ekidin», esan zuen.
Orain dela lau urte ere, 2006. urtean, hauteskunde sindikalak izan ziren Zure enpresan. LABen arabera, enpresak azpijoko ugari erabili zituen orduan LAB enpresatik kanpo uzteko asmoz, «azkenean bere helburua lortuz». Hala, egun enpresan dauden delegatuak CCOO sindikatukoak dira guztiak.
Hauteskunde sindikalak
Aurten berriro egin behar dituzte hauteskundeak enpresan eta kaleratu nahi dituzten LABeko bi afiliatuak euren burua aurkeztu behar zuten hautagai gisa. Era berean, LABek baieztatu duenez, enpresako zuzendaritzak CCOO sindikatuari adierazi zion kaleratzeak hauteskundeak baino lehen egingo zituztela, hala, «hautagai posibleak lasai kaleratzeko».
Kaleratzeak gauzatzeko data atzokoa zen, eta sindikatu abertzaleak elkarretaratzea egin zuen enpresa parean LABeko bi militanteak «berehala» berriro har ditzaten exijitzeko. Gaurko eta biharko ere mobilizazioak antolatu dituzte.
Enpresak kaleratu nahi dituen langileetako bi senar-emazteak dira. LABen arabera, «enpresan izan duten jardunagatik eta euren ibilbide sindikalagatik zigortu nahi dituzte».