GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

LEHEN MAILA Derbia Anoetan

Denboraldiko partidarik garrantzitsuenaren zain

Llorenteren ustetan, realzaleek ez dute lotsarik izan behar urteko partidarik desiratuena dela onartzeko.

p035_f03.jpg

GARA | DONOSTIA

Partida garrantzitsua, berezia... Derbiei buruzko topikoak dira eta dagoeneko denak entzun ditugu donostiarren eta bilbotarren ahotan, igandeko neurketari buruz hitz egitean. Joseba Llorenterentzat, baina, topikoak ez dira aski eta urrunago heldu da, inolako «lotsarik gabe» Athleticen aurkako partida urteko garrantzitsuena dela onartuz.

Horrela nabarmendu zuen atzo hondarribiarrak, jokalari gisa eta, batez ere, zale bezala izan duen esperientzian oinarrituta. «Niretzat politenetakoa zen zale bezala. Jokalari bezala, bizpahiru jokatu ditut, baina minutu batzuk besterik ez. Aurtengoa desberdina izango da, sartuago nagoelako, taldea ondo dagoelako eta gehiago disfrutatzen ari naizelako». Baina harmailetan edo zelaian bizi, Llorentek argi dauka Athleticen aurkako derbia «denboraldiko partidarik garrantzitsuena eta politena» dela. Eta inor «ez litzateke lotsatu beharko» Realarentzat horrela dela onartzeagatik.

Aurrelariak, gainera, aurten norgehiagokari gogo handiagoz ekiteko arrazoiak ere ikusten ditu. Talde biek sailkapenean duten egoera erosoa, batetik, eta, bestetik, hurrengo aurkariaren izaera. «Errespetu osoz, baina etxean jokatzen dugu eta haginka egitera zelairatuko gara. Puntuak behar ditugulako eta kontuan hartu behar delako hurrengo jardunaldian Bartzelonara goazela», gogorarazi zuen.

Derbia, gainera, «une on batean» heltzen dela uste du aurrelari gipuzkoarrak. «Bai aurrekontuagatik bai Lehen Mailan daramatzaten urteengatik, baita UEFA beren helburua delako, teoriaz egokitzen zaien postuan daude beraiek. Eta gu gauzak ondo egiten ari gara eta gu ere derbira une onean heltzen garela uste dut».

Horrek «lasaitasuna emango dio buruari», baina ez derbiari. «Tentsio handiagoa egongo litzateke puntuak ezinbestean beharko bagenitu, baina partidari ekiteko eta borrokatzeko era berbera izango da. Ez gara erlaxatuko. Hiru puntuen bila irtengo gara», nabarmendu zuen.

Llorenteren motibazio maila berarekin zelairatuko da Antoine Griezmann, atzo esandakoari jarraituz, frantziarra ere irrikitan baitago. «Beti egin dut amets Anoetan derbi bat jokatzearekin -aitortu zuen-. Harrobiko taldeekin jokatu ditudanak ere politak ziren, baina igandekoa are politagoa izango dela uste dut. Taldekideei ere galdetu diet eta ikusgarria dela esan didate», azaldu zuen.

Berezia denentzat

Lezamako diskurtsoa ez da, oraingoz, hain hotsandikoa, baina zuri-gorri gehienek Anoetakoa partida berezia izango dela onartzen dute. Carlos Gurpegik, behintzat, argi dauka igandekoa «hiru puntu baino zer edo zer gehiago» dela. Batez ere «azkenengotik hiru urte pasa ondoren. Bai Reala bai gu partida jokatzeko gogotsu gaude. Denok dugu gustukoa Realaren aurka jokatzea, zelaian bizitzen dena desberdina delako».

Baita harmailetan ere. «Ziur nago zale askok apustuak egingo zituztela eta afari eta bazkariak izango dituztela jokoan Realeko jendearekin. Zorte ona eman nahi diegu», adierazi zuen nafarrak. Aurtengo derbia berarentzat are bereziagoa izango dela aitortu zuen, kapitainaren besokoarekin zelairatuko baita. «Harro nago», nabarmendu zuen erdilariak.

Munduko txapeldunak, gasteizko legebiltzarrean. Fernando Llorentek, Javi Martinezek eta Xabi Alonsok udan irabazitako Munduko Kopa eraman zuten atzo Gasteizko Legebiltzarrera, Arantza Quiroga presidenteak gonbidatuta. Aralarrek, besteren artean, «probokaziotzat» jo zuen harrera ofiziala, «selekzio arrotz bat ekartzeagatik eta Euskal Herriko selekzioa ukatzeagatik».

Iraizozek web ofiziala aukeratu du hitz egiteko

Prentsa-aretoa erabili beharrean, Athleticen web orri ofiziala aukeratu du Gorka Iraizozek bere isilunea eteteko. Ustekaberik ez da egon bertan esandakoarekin. Atezaina «oso pozik» eta «harro» dago, bere «bihotzeko taldearekin» kontratua berritu izanagatik.

Arazoak, talde bietako jokalarientzat

Reala eta Athletic derbia prestatzen ari dira. Zalantzekin, kasu bietan. Donostiarrei dagokienez, Tamudok eta Sutilek giharretako arazoak dituzte eta Griezmannek kolpe gogor bat jaso zuen. Lezaman, berriz, Gabilondo eta Koikili dira giharretako arazoak dituztenak.

Control de alcoholemia positivo de Castillo

La Junta Directiva del Athletic aplicó ayer un expediente disciplinario a Xabi Castillo, a quien también impuso una multa, en su grado máximo, por comisión de una falta grave. Concretamente, haber dado positivo en un control de alcoholemia que le practicó la Ertzaintza la víspera.

Fue el propio jugador quien comunicó al club lo sucedido. Después, acató la imposición de la sanción y «expresó ante la Junta, con ruego de que sea trasladado a socios y aficionados, su profundo pesar y arrepentimiento por lo sucedido». GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo