GARA > Idatzia > Kultura

Laboaren kantuen irakurketa berriak, «Txinaurriak» bilduman

BideHuts plataformak «Txinaurriak. Mikel Laboari ikasitako kantuak» disko bilduma aurkeztu zuen atzo Donostiako Doka kafe antzokian. Euskal Herriko hemeretzi musika taldek bat egin dute egitasmoarekin; tartean dira Berri Txarrak, Xabier Montoia, Gora Japon, Willis Drummond, Inoreneroni, Atom Rhumba eta Anari. Bilduma lana, binilo bikoitz eta CD formatuan kaleratu dute eta Durangoko Azokan egongo da salgai BideHutsen erakusmahaian.

p040_f01_148x112.jpg

Koldo OTAMENDI | DONOSTIA

Abenduaren lehena aukeratu zuten BideHuts plataformako kideek «Txinaurriak. Mikel Laboari ikasitako kantuak» izeneko disko bilduma aurkezteko. Data berariaz aukeratutakoa zen, Mikel Laboa hil zeneko bigarren urteurrena ospatzen den egun berean egin baitzen ekitaldia. Aurkezpena egiteko hautaturiko tokia ere berezia da. Doka kafe antzokia Antigua auzoaren bihotzean kokatua dago, Mikel Laboak urte askoan bizileku izan zuen auzoan, eta Gipuzkoako hiriburuko euskal kulturaren adierazle nagusietako bat da egun.

Mikel Laboa omenduko zuen disko bilduma bat egiteko asmoa aspaldikoa zela adierazi zuen Asier Zulueta BideHuts egitasmoko kideak. «Laboarekiko errekonozimendua eta mirespena handia izan da musikarien artean, eta BideHuts plataformatik gure apurra jarri nahi izan dugu. Horretarako, dakiguna egiten saiatu gara: disko bat». BideHuts zigiluaren arduradunen buruhauste nagusietako bat bilduman parte hartuko zuten taldeak aukeratzea izan da. «Oso zaila egin zaigu taldeak aukeratzea. Talde zerrenda ugari izan ditugu esku artean, eta azkenean 19 musika talde hauek izan dira aukeratuak». Lan hau egiteko orduan oso garrantzitsua izan da Laboaren sendiaren babesa eta bultzada: «Zalantzarik gabe, azken urratsa emateko ezinbestekoa izan da Mikelen sendiak eman digun konfiantza. Esker oneko hitzak besterik ez ditugu beraientzako».

Rock bilduma

«Txinaurriak» rock diskoa dela adierazi zuen Karlos Osinagak: «Rock hitza erabiliko nuke diskoko kantuak azaltzeko. Kantu batzuk klasikoagoak dira eta beste batzuk esperimentalagoak, baina guztiak sar daitezke `rock' hitzaren azpian». Zentzu horretan, aukeraturiko 19 euskal parte hartu duten taldeen artean sona handiko musikariak daude (Ruper Ordorika, Atom Rhumba, Anari, Berri Txarrak...), bai eta proposamen minoritario eta esperimentalagoak (Gora Japon, Akauzazte denok...) ere. Sortzaile berrientzako tokia ere izan da eta musikan bidea hasi duten zenbait proposamenei tartea egin diete disko bilduman (Gabon Caligula, Dilistak). Bitxikeria ugari gordetzen dituen lana da «Txinaurriak». Tartean, hainbat musikariren lankidetzatik sorturiko proposamen bereziak. Hor koka daitezke Miren Iza (Tulsa taldeko abeslaria) eta Hotel taldeen arteko elkarlana, edota Mursego eta Etenen arteko indar metaketa. Bertsioak egiteko aukeraturiko 19 kantuen artean ere aniztasuna da nagusi eta Mikel Laboaren kantutegi zabaleko txoko guztiak ukitzen dituzte. «Lili bat», «Haize hegoa» edota «Aintzinako bihotz» kantu ezagunetatik abiatuta, «Bedeinkatua» edota «Kirru» kantu kasik instrumentaleraino.

Biniloan

«Txinaurriak» bi formatutan merkaturatu du BideHuts plataformak. CD formatuan kartoizko digi-pack erako disko bikoitzean aurkeztua dator, batetik, eta binilo eran ere ikusi du argia bestetik, 180 gramoko binilo zuri bikoitzean. «BideHutsen binilozale amorratuak gara», adierazi zuen Karlos Osinagak, eta «poza ematen du formatu honetan ikusteak», jarraitu zuen segidan. Binilo erako lana eskuratzen duenak, 2 CDak ere eskuratuko ditu (azalik gabe). Diskoan azaltzen diren 19 kantuak 2010eko uztaila eta urria bitartean grabatuak izan dira. Horretarako, Tolosako Bonberenea estudioa izan dute gotorleku nagusia, nahiz eta kantu batzuk Azkoitiko Mataderon, Koba eta Garate estudioetan grabatutakoak diren.

ANIZTASUNA

Bilduman agertzen diren musika talde guztiek beren eremura eraman dituzte Mikel Laboak duela urte asko egindako kantuak. Talde bakoitzak berezko soinua eta nortasuna duen arren, lan osoak nolabaiteko koherentzia ere baduela nabarmendu dute.

Bildumaren diseinua, artelan bilakatua

Bilduma lanaren eremu guztiak mimo handiz landu dituzte BideHutsekoek. Behin eta berriro aipatu zuten prentsaurrekoan lagunen arteko langintza izan dela disko bilduma honen osaketa. Diskoaren diseinu lana ere mimoz landu dute eta azken emaitza artelan hutsa dela esan daiteke. Azken urteotan egin diren azal ederrenen artean kokatu beharrekoa dugu «Txinaurriak» (batez ere binilo formatuan). «Mikel Laboaren disko askoren azalak margolanetan oinarritutakoak izan dira. Zumetaren lanek askotan ilustratu dute Laboaren musika, eta lotura hori errespetatu nahi izan dugu bildumako diseinu lana egitean», aipatu zuen diskoaren diseinu lana egin duen Ramon Martinez Zabalegi artista irundarrak. Disko honetarako ere bide horretatik jo nahi izan dute BideHutsekoek. «Zigiluak kaleratu dituen disko askok diseinu lan xumea eta minimalista eraman dute, artifizio askorik gabekoa, baino oso erakargarriak», azaldu zuen Ramonek.

Diskoaren izenari eta filosofiari lotuta, Laboak hainbeste maite zituen txinaurrien irudia landu eta moldatu du marrazkilari gipuzkoarrak. Koldo OTAMENDI

Fitxa

Diskoa: «Txinaurriak. Mikel Laboari ikasitako kantuak».

Talde kopurua: 19.

Formatoa: 2 CD kartoizko digipackean, eta binilo bikoitza + 2 CD.

Edizioa: BideHuts.

Sarean: www.bidehuts.net

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo