GARA > Idatzia > Kultura

Euskaltzaindiak eta Mintzolak lankidetza hitzarmena sinatu dute

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Mintzola Fundazioak eta Euskaltzaindiak hiru urteko iraupena izango duen lankidetza hitzarmena sinatu zuten atzo Gipuzkoako Aldundian. Akordioak bi organoen arteko elkarlanean sakontzea izango du helburu, bereziki euskara, euskal kultura eta, oro har, ahozko ondarearen egoera ikertu, irakatsi eta zabaltzeko.

Helburu horiek lortzeko, Mintzolak eta Euskaltzaindiak jarraipen batzordea sortuko dute, lau kidez osatutakoa, bi Fundazioak izendatuta eta beste biak Akademiak.

Hitzarmenaren helburuak

Bi erakundeek lankidetza eta ikertzaileen arteko hartu-emana sustatuko dute, ahozko euskararen eta kulturaren eremuan behar bateratzaileen harira jorratuko diren ikerketa, irakaskuntza eta zabalkunde egitasmoetan. Horrela, bi organoek erraztasunak emango dizkiote elkarri beren ikerketa ondareak eta ezagutza erabiltzeko eta, bereziki, beren artxibategi eta bibliotekak erabiltzeko.

Mintzolak, alde batetik, Euskaltzaindiaren arauak zabaltzeko konpromisoa hartu du eta Akademiak, bere aldetik, erantzuna emango die Mintzolak egindako kontsultei, kontsultok euskal lexikoari, gramatikari, toponimiari, onomastikari, ortografiari eta, oro har, euskararen idatzizko zein ahozko araugintzaren bestelako gaiei buruzkoak direnean. Kontsulta horiek bideratzeko, Jagonet zerbitzua erabiltzea sustatuko dute.

Argitalpen arloan ere elkarlana bultzatuko da eta baterako argitalpenak sustatuko dira; ikerketarako interesgarriak izan daitezkeen lan argitaragabeak, hala nola tesiak, monografiak edo bestelako lanak elkarren esku utziko dituzte; eta lankidetza bultzako dute ikastaroak eta programak sortu eta egin daitezen, euskara, euskal kultura eta, oro har, ahozko ondareari dagozkien eremuetan.