Laura MINTEGI Idazlea
Minbiziarekin bizi
Ohitu egiten garela dirudi. Lehen noiz edo behin entzuten zen kasuren bat. Orain semaforoak baino ugariagoa da gure paisaia urbanoan. Laurogei urtetik beherako norbaiten heriotzaren berri dugunean, ez dugu galdetzen nolatan hil den, halakoak baizik: ea non zuen minbizia, luze joan zaion, nola eraman duen azken trantzea.
Minbizia du auzokoak eta oraindik ez daki partida irabaziko ote dion gaitzari. Minbiziari bazter egin zion lankide batek aspalditxoan, eta beste batek geroago, eta hirugarren batek ere bai, eta gaur bertan bazkalorduan azaldu dit lankide batek alabari obulutegia erauzi behar izan diotela eta horrela iskin egin diola minbiziari. Alabak 33 urte ditu eta inoiz ez da ume batez erdituko.
Izekoak lortu zuen minbiziari irabaztea, baina urte asko geroago gizona minbiziak jota hil zitzaionean, hiru hilabete iraun zuen soilik, minbiziaren atzaparrak oratu eta gizonarekin batera eraman baitzuen, gaixotasunari aurre egiteko indarrik gabe.
Bizimoduak, tabakoak eta gehiegikeriek areagotu egiten omen dute gaixotasuna, ezbeharrek eta bizitzan zehar irentsitako ardurek ere bai. Ala ez. Nork jakin. Automatismorik ez dago zozketa krudelean, gero eta boleto gehiago daude banatzeko nonahi eta noiznahi egiten ari den zozketan. Adibide xumea: inoiz erre ez zuen amama, Lizarrako aire garbian bizi zen eta bizimodu eredugarria zeraman amama, biriketako minbiziak eraman zuen bi hilabeteko epean.
Zenbaketa egiten hasita, nire lagunik hoberenaren bizia minbiziak ezabatu zuen. Mina bizi-bizi, biziaren mina. Ikasiko dugu nola egin aurre biziaren minari?