Historiari buruzko lehenengo Galeusca topaketak egingo dituzte Bartzelonan
A. A. | BILBO
Katalunia, Galizia eta Euskal Herriko historialariak bilduko ditu lehendabizikoz antolatu duten historiari buruzko Galeuscak. «Eraikuntza nazionalaren eta identitate errepresioaren artean» izango du izenburu eta Bartzelonako Museu d´Història de Catalunyan egingo dute, datorren abenduaren 10 eta 11n.
«Herrialde Katalanetan, Galizian eta Euskal Herrian ikertzaile garen historialarien bilkura bat egitea da helburua», azaldu zuen atzo Joseba Agirreazkuenagak, EHUko eta Eusko Ikaskuntzako Historia saileko kideak. «Baita gure ikerketen berri eman ere, eta ikuspegi konparatibo batez landu». Duela urte pare bat izan zuten lehenengo kontaktua Kataluniako historialariekin. Honakoa hiru nazioek batera egingo duten «lehendabiziko urratsa izango da eta jarraipena izatea espero dugu, bai Galizian bai Euskal Herrian», adierazi zuen Josu Chuecak, EHUko eta Eusko Ikaskuntzako Historia saileko kideak.
Hiru ataletan banatu dituzte ponentziak, aztertuko dituzten mendeen arabera. Aro berria deitu dioten XVIII. mendeko mugimenduak aztertuz hasiko dira, eta XX.ean bukatuko dute.