GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ekitaldi anitz han eta hemen, Euskararen Nazioarteko Egunean

Eusko Ikaskuntzak ezarri zuen data 1949an eta, 1995ean, Euskaltzaindiak eta Lakuak bat eginik, Euskararen Nazioarteko Eguna ofizial bilakatu zuten. Makina bat ekimen izan zen atzo, bai gurean bai diasporan, baita sarean ere. Denak euskararen aldekoak.

GARA |

Nafarroaren Egunarekin batera ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna. Egun honen karietara, Euskal Herrian eta gure mugetatik kanpo ekitaldi andana antolatzen da euskal hizkuntzaren eta kulturaren balioa nabarmentzeko.

Atlantikoaz haraindi, euskal etxeetan bereziki, euskararen aldeko ekintza ugari egiten dituzte. Argentinan, besteren artean, euskararen aldeko lasterketa dute Chascomuseko euskal etxean; aste berezia antolatu dute Mar del Platan; eta «Sagarraren Denbora» filma ikusi ahal izan zuten Buenos Airesen, Euskal Zinema zikloaren barruan. Boiseko Leku Ona jatetxeak, berriz, kantu saioa eginez ospatu zuen Euskararen Eguna. Akitaniako Bordeleko Euskal Etxeak ere egitarau berezia antolatu zuen euskarari babesa adieraztearren.

Gure artean, baina, sarean euskararen aldeko mezuak lau haizetara zabaldu dira. Gure hizkuntzak milaka aurpegi dituela irudikatzeko, Donostiako Euskararen Udal Patronatuak herritarrei beren argazkia bidaltzeko aukera eman eta jasotako irudi guztien artean mosaiko izugarria osatu dute www.nikereeuskaraz.net webgunean. Gazteen artean euskararen erabilpena sustatzea du helburu kanpainak.

Lopez ere euskararen alde

Euskal Herrian herriz herri hainbat ekimen egin diren arren, sona handiena erakundeek antolatutako ekimenek izan zuten. Patxi Lopez lehendakariak adibidez, Ajuria Enean irakurri du euskararen aldeko deklarazio instituzionala eta Gasteizko Gobernuak euskara sustatzeko laguntzak mantenduko dituela nabarmendu zuen bertan eta «euskara munduan barreiatzeko» bitartekoak jarriko dituela ere eman zuen aditzera.

Euskara «inorena ez dela» ere esan zuen Lopezek bere diskurtsoan eta denentzako «aukera» dela gehitu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo