Paueko Auzitegiak Segiko hiru kideren kontrako auzia aztertu du aste honetan
A, MANTEROLA |
Paueko Dei Auzitegiak ostegunean aztertu zuen berriro, iazko azaroaren 11n, Uztaritzen, Lehen Mundu Gerraren armistizioaren eguneko ospakizunetan, hildakoen monumentutik «bandera frantsesa lapurtzeagatik» auzipetutako hiru gazte independentisten afera. Martxoaren 16an, Baionako Auzitegiak, hilabete bateko espetxe zigorra -bete beharko ez dutena- eta 300 euroko isuna ezarri zien Aintza Zufiaurre, Antton Rouget eta Andoni Anetas gazteei.
Azken horrek bere parte hartzea ukatu bazuen ere, epaileek hirurak zigortu zituzten.
Segiko hiru kideek helegitea aurkeztu zuten horren ondotik, eta hori aztertu zuen, hain zuzen, Paueko Auzitegiak osteguneko saioan.
Auzia aurrekoa baino laburragoa izan zen, soilik hiru gazteak eta Filipe Aramendi euren abokatuak entzun baitzituen epaileak eta, Baionakoan ez bezala, oraingoan ez zen akusazioaren lekukotasunik izan. Hala, otsailaren 3an jakingo da epailearen deliberoa.
Epaiketa salatzeko, Segik deituta, 35 bat lagun elkartu ziren auzitegiaren aitzinean. Libertat Okzitaniako mugimenduko kideek ere hartu zuten parte.
Estatu frantsesaren jokaera salatzeko, parodia egin zuten gaztek epaitegiaren aitzinean; prefeta, bankari bat, militar bat eta Alliot-Marie ministroa Papa Noeli Gabonetako oparia eskatzen aritu ziren.
Urteak dira, azaroaren 11n, Lehen Mundu Gerraren armistizioaren eguneko ospakizunen karietara, salaketa ekimenak egiten direla Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Iaz, baina, hiru gazte atxilotu eta luze galdekatu zituzten, Uztaritzeko hildakoen oroitarriko frantses bandera lapurtzea leporatuta.
«Gazteria aitzina!» lemapean, hamarka gaztek agerraldia egin zuten duela egun batzuk Baionan, hiru auzipetuei babesa agertzeko eta Estatu frantsesa, «euskal gazteriak egiten duenaren eta egin dezakeenaren beldur», errepresioa handitzen ari dela ohartarazteko.