GARA > Idatzia > Mundua

ANALISIS

Ez begiratu atzamarrari (soilik)

Ruben PASCUAL I

Inork atzamarra zauri gainean jartzen duenean, ezjakinek baino ez dute uste atzamarra dela garrantzitsua», esan zuen Konfuziok ezjakintasunari buruz. Ez da izango lerrook izenpetzen dituena munduko diplomaziaren eta, are gutxiago, Estatu Idazkaritzaren aurka purrustaka hasiko dena, baina Wikileaks-en filtrazioaren aurrean munduko politikari gehienek hartutako jarrerak ematen du zer pentsatua.

Wikileaks-ek, atzamarra ez ezik, bi eskuak sartu ditu AEB ahalguztidunen zaurian, oso-osoan gainera. Munduaz duten ikuspegia denen begi-bistan gelditu da, biluzik, baina lotsagorritu beharrean, bularra puztuta eta garrasika hasi dira, oihu betean, oilar harroputzak bailiran. Ez dira, halaber, bakarrik gelditu eguzkia hatz batez estaltzeko lanean. Hori da larriena.

Izango da Wikileaks-en egiantzaz zalantza egiten duenik, interesak dituelako. Argitaratu dituen zatiek ostendu dituenek bezain beste balio dutelako. Zergatik orain? Obama filtrazio kolpeka hondoratzeko asmo ilunen bat ote dago? Egia erdiek gezur erdiaren sinesgarritasun berbera dutela ere badakit. Baina ez diezaiogun atzamarrari begiratu. Ez atzamarrari bakarrik, bederen.

Gai benetan interesgarriez aritu beharrean, Wikileaks-ek dituen edo ez dituen agiriez hitz egiteko interes argia ikusten da. Txibiaren tintaren estrategia nabarmenegia da: txibiaren tintak, Wikileaks-ek alegia, zer esana ematen digun bitartean, haren atzean dagoen diskurtso hori ekiditeko parada ezin uka daiteke.

Baina, tinta guztia kenduta, hiru elementu gelditzen dira tragikomedia honen eszenatokian: Bradley Manning, Julian Assange eta «insuran- ce.aes256» artxiboa.

Lehenengoa, historia honetako «Garganta Profunda». Aurreneko zantzuak agertu zirenetik espetxean dago.

Bigarrenaren buruari prezioa jarri diote jada, eta sistemak eskura dituen tresna guztiak baliatzen ari da, hura garbitzeko.

«Halako egoera batean, historiaren zenbait zati aseguratzea merezi duela pentsa daiteke, galdu ez daitezen», esan zuen Assangek hirugarren elementuari buruz. Interneten jarri zuen australiarrak dokumentu kodetu hori eta, antza, zerbait gertatuko balitzaio, emango litzateke ezagutzera edukia. Bizitza-asegurua izan daiteke Assangerentzat, bera (is)hiltzeko lanean ari deirenek pentsa dezaten ez ote den erremedioa gaitza baino okerragoa.

Argi dago, beraz, filtrazioak bere argi-itzalak badituela. Baina, dioten besteko txikikeria balitz, zertara dator Assange eta haren elkartearen aurkako sorgin ehiza?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo