GARA > Idatzia > Euskal Herria

Atez atekoa merkeagoa da; ez aldekoek diotelako, zenbakiek diotelako baizik

Atez ateko bilketarekin lortzen diren emaitzen aurka egiteak jada sinesgarritasuna galdu duenez, alderdi ekonomikoarekin tematuta dabiltza aurkariak. Sistemetan garestiena dela diote, baita udalak «ekonomikoki itotzen» dituela ere. Baina, zer diote zenbakiek?

p018_f02.jpg

Janire ARRONDO |

Denetik esan da atez ateko hondakin bilketaren gainean; zientzia fikziora hurbiltzen diren kontuak dira asko. Hala ere, kaleko esamesetatik haratago, instituzioak, enpresak zein hainbat hedabide dira bilketa honen aurkako kanpainan tematuta dabiltzanak. Gaikako sistema barrutik ezagutu nahi ez dutenez, begi-bistakoa denari erreparatu eta ekonomikoki «eraman ezina» dela diote. Xabier Olanok, Usurbilgo Udalean atez atekoaren diru kontuez arduratzen denak, azalpenak eman zituen ostegunean Hernanin.

Edozein sistema erabilita ere, hondakinen kudeaketak sortzen dituen gastuak ordaintzeko ez dira nahikoa herritarrek ordaintzen dituzten tasak, beraz, Udalek egiten diote aurre gainerakoari. Usurbilgo atez ateko sistema, orain arte erabili dutenarekin eta bosgarren edukiontziarenarekin alderatu du Xabier Olanok azken urteotako gastuak kontuan hartuta. Kudeaketa kostuen azterketaren emaitza argia da: atez atekoa merkeagoa da, dezente gainera.

Bistakoa da atez ateko bilketan langile eta azpiegitura gastuak handiak direla; soilik bilketan 2010 urteko gastuak 455.206 eurokoak dira Usurbilen. Horren baitan amortizazio gastua 71.550 eurokoa da. Atez atekoaren aurkariek sistema ekonomikoki «itogarria» dela argudiatzeko, azpiegitura gastu guztiak urte bateko gastu gisa islatu izan dituzte. Baina, kamioi baten edo edukiontzien amortizazioa horiek erabiliko diren urte kopuruaren arabera kalkulatu behar da. Alegia, kamioi bat kostatu dena hamar urtez amortizatuko da edo edukiontzia 2 edo 3 urtetan -ez urte bakarrean-. Ohiko edukiontzien sistemarekin eta bosgarren edukiontziarenarekin bilketarako enpresak kontratatzen dira. Bilketa gastuetatik haratago, ordea, beste hainbat elementu daude.

Organikoa tratatzea tonako 97 euro kostatzen da eta errefusa (birzikla ezin daitekeena) tratatzea, 130; ontzi arinen eta papel-kartoiaren tratamendua ez du Udalak zuzenean ordaintzen. Hondakinak bereizita biltzean, errefusa, tratamendurik garestiena duena, %20koa da gehienez. Bosgarren kontenedorearekin berriz, borondatezkoa denez, soilik herritarren %18- 20k bereizten du organikoa, beraz, hondakinen %80 tarifarik garestienean tratatu behar da. Ontzi arinek ez dute tratatze gasturik; lau eta bost edukiontzien sisteman kontratatu dituzten enpresek kudeatzen dituzte; atez atekoarekin, berriz, udalak saldu egiten ditu, hortaz, gastua ez izateaz gain, diru-iturri dira. Usurbilek aurten 123.000 euro jasoko ditu ontzi arinekin eta paper zein kartoiarekin.

5 edukiontziena da garestiena

Hortaz, gaur egun Usurbilek ohiko sistema erabiliko balu, 325.000 euroko gastua luke bilketetan eta 228.544koa tratamenduan. Hondakin bilketa zerbitzuen tasetatik 250.000 euro jasotzen ditu, beraz, sarrera-gastuen emaitza -303.544koa da. Bost edukiontzien sistema erabiliko balu, berriz, bilketa gastuak 420.000 eurokoak lirateke, tratamendu gastuak 222.071koak eta sarrerak 250.000koak. Emaitza -392.071 eurokoa da.

Martxan duten atez atekoaren emaitza, berriz, -264.088koa da; izan ere, bilketa gastuak 455.206 eurokoak dira, tratamendu gastuak 181.881ekoak eta tasa zein salmentetatik datozen sarrerak 373.000koak.

Horrek esan nahi du, ohiko sisteman diru sarrerek gestio osoaren gastuen %45,16 estaliko luketela; era berean, bost edukiontzien sisteman %38,94 eta atez atekoan %58,55. Hortaz, gaikako atez ateko bilketa da eramangarriena udalentzat.

Datu horiek guztiak Usurbilgoak izan arren, Olanok azterketa egiteko erabili dituen oinarriak berberak dira Gipuzkoa osoan. Bere hitzetan, gainera, zenbat eta herri handiagoa izan, aldea nabarmenagoa izaten da. Gaur gaurkoz, Usurbilen atez atekoarekin pertsonako 76 euro ordaintzen dira urtean (autokonpostatzen duenak, 45,60), Donostian 113,17 ordaintzen ditu bakoitzak, Astigarragan, 92,40 eta, Hernanin, 83,40.

Hernani, Oiartzun eta Usurbil biltzen dituen irabazi asmorik gabeko Garbitania enpresa saiatu zen atez ateko hori are merkeago egiten. Horretarako, organikoak Ipar Euskal Herriko planta batera eraman nahi zituzten, han tonako 65 euro kobratzen dute. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, ordea, epaitegi bidez mugak jarri zizkion eta Lapatxera, Kontsortzioak kudeatzen duen plantara, eramatera derrigortu. Olanok argi du Kontsortzioak eta Aldundiak «zaborren monopolioa» dutela helburu.

Kontuan hartzekoa da. gainera, gastu gehiegikeria hori 400 milioi euroko errauste-planta batean gastatu nahi dutenek leporatzen diotela atez ateko sistemari. Argi dagoena da, ingurumenaren alde egiteak ez duela preziorik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo