Pello Urzelai 2010/11/30
Ikusmen laburra
berria
Wikileaks webguneak filtratutako agirien arabera, Estatu Batuetako diplomatikoek uste dute Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak «epe laburreko ikuspegia» duela eta «kalkulu elektorala lehenesten duela interes komunen gainetik». Ez da lehen aldia jokabide hori leporatu diotena Espainiako gobernuburuari. Oraingo honetan, usteak badu balio erantsi bat: ohar konfidentzial batean jasota izatearena. Filtratutako kableen artean, antza, badaude euskal auzia era batera edo bestera aipatzen dutenak, baina oraindik ezagutarazi gabe daude. Baliteke agiri horiek argitasuna ematea aurreko prozesuetan izandako jokabideaz, edo ez. Kezkagarriena da egungo konponbiderako aukerari ikuspegi motz horrekin eta kalkulu elektoralistekin helduko ote dion Espainiako Gobernuak.
Ezker abertzaleak ziklo politiko berri baten aldeko apustua egina du; hain zuzen ere, borroka armaturik gabeko ziklo baten alde. Apustu politiko horretan aurrera egiteko, ezker abertzaleak «eragile politiko legal baten beharra du», Zutik Euskal Herria agirian bertan jasotzen denez. (...) Ziklo berrirako oinarri berriak lantzen eta osatzen ari da urratsez urrats ezker abertzalea.
Azken mugimenduari buruz gainerako eragile politikoek izandako erantzuna kontuan hartzeko modukoa izan da. Ramon Jauregi Espainiako Gobernuko Lehendakaritza ministroaren adierazpenak bereziki esanguratsuak izan dira. Alderdi berriaren estatutuek Alderdien Legea betetzea «ez da nahikoa egungo estrategia aldarazteko», hori egin arren legezkotasuna ez duela lortuko eta hauteskundeetan aurkezterik ez duela izango iradokiz. Estatuko fiskal nagusi Candido Conde Pumpidok ildo beretik jo du: «ETArekin behin betiko hautsi behar dute, ETAk indarkeriarekin behin betiko hausten ez badu». Aldi berean, ETA mamu bezala astintzen ari direnak estrategia bera osatzen ari dira. Azken batean, gakoa ez baita legea, baizik eta estrategia politiko jakin hori, non indarkeriaren amaiera agintarientzat eroso diren parametroetan eman behar den, baita ikuspegi elektoraletik ere. Azken adierazpenen arabera, alderdi berriaren legeztatzeari legean jasotzen ez diren baldintzak jartzen ari dira. Jarrera oztopatzaile horrek beste ezer baino gehiago adierazten du ezker abertzalea hurrengo hauteskundeetan ez egoteko interes bat, udal eta diputazioen mapa politikoa beste lau urtez herri borondatearen arabera osatu gabe iraunarazteko interes bat. Epe laburreko ikuspegia litzateke.