GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Kolpetik kolpera, zooan

Zoo globalizatuan bizi gara. Desagertzeko zorian diren espezieak kaioletara bilduak, gatibu. Desagertzeko zorian diren espezieak desagertu daitezen lanean ari direnak, ostera, kaiolen arteko espazioetan, libre, eta kaioletako giltzak eskuan. Hau kolpea! Bestelako zooa nahi dut amestu, non neoliberalismoaren espezieak kaioletara bilduak diren, desagertzeko zorian izanda ahalik eta arinen suntsitu daitezen. Baina, tira, ametsak itxaron beharko du, oraindik esna gaude eta. Biodibertsitateaz berrikitan egin goi-bileran tigreak desagertzear zirela esan zuten, baina ez zuten argitu tigre zeltaz ari ziren. Gizajoa gero tigre hori, ezin izan du jasan burtsen gune babestuetan beren-beregi atondu zioten bizilekuaren austeritatea; eta hau kolpea!, lagun-suak akabatu du lagunek antolatutako safarian. Burtsetako guneotan urritu ez baizik ugaritu egin den espeziea marrazoena da. Arazorik arazoena da marrazoena. Marrak marrazoek ezartzen dituzte, gero gorriz beste batzuek han-hemen margotzen dituzten arren. Amen. Marrazoak guztiz desagertu arte biodibertsitatea arriskuan dago; kolpea bada ere, hiltzeko arrisku bizian egon ere.

Zoo globalizatua! Horra, Asia aldetik erdu omen zaigun liztor horrena, vespa velutina izengoitiaz ezaguna enbaxaden arteko kableetan. Erleak akabatzen ei ditu horrek, langileak batez ere, baina hau kolpea!, erle erregina inoiz ere ez; sekula, santa bada ere. Adierazgarria, oso, made in Asia horrena. Zist! Hegazkinez jalgitzen omen dira liztorrak bere txokotik mundura, hegazkin gripearekin batera. Alde horretatik, sikiera, ondo dator hainbat aire-espazio etenak izatea hegazkinez migratzen duten espezieentzat. Kolpea ere gure beheko Estatu horrena; egun batean aireportuak pribatizatzeko esan eta biharamunean aireportuok militarizatu. Armada pribatizatzeko lehenengo urratsa, segur asko.

Merkatua nagusi den zoo honetan Azoka dugu arnas gune bakarra. Non eta Durangon. Aurtengo nobedadeen artean, Lakuak ateratako CDa, ezker abertzalearen azken emanaldien melodia eta sinfonia berrien bilduma dena. Eta jelkideen esku-liburua ere salgai, hieroglifikoekin ez endredatzeko gida-edo dena. Baina fotokopiagailurik ez da hor izango, erregistroko leihatilara bidean alderdi demokratiko baten estatutuak inork kopiatu ez ditzan. Arrazoiz, Gernikako estatutua Konstituziotik kopiatu zuten eta horra ondorioa. Endredoa!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo