GARA > Idatzia > Euskal Herria

Independentziari soinu banda jarri eta kamera aurrean antzezteko eta dantzatzeko gonbita, bihar Durangon

Nork dio aldarrikapena eta irudimena bateraezinak direla? Independentzia aldarri hartuta, «lip dub» alai, anitz, jendetsu eta koloretsua egiteko aukera ederra izango da bihar Durangon.

Oihana LLORENTE

Astebururo manifestazioak izaten dira gure herri eta auzoetan. Aldarrikapena bat ala beste izan, beti dira pankartaren atzean herriko kaleak oihuka zeharkatzen dituztenak. Haserrea erakusteko edo ametsak aldarrikatzeko, salbuespenak salbuespen, denetarako balio izan dute manifestaldiek azken hamarkadetan.

Berritu ala hil. Iritzi horretakoak dira, ordea, lip dub bat egiteko hitzordua deitu duten antolatzaileak. Hala, Euskal Herriaren independentziaren aldarrikapenari soinu banda jarri eta dantzan jarri nahi dituzte euskal herritarrak, Durangon.

Baina, zehazki, zer da lip dub bat? Playback kolektibo baten bideoklipa dela esan genezake; hori bai, kamera bakar batekin eta etenik gabe grabatutako bideoa da.

Spice Girls taldearen «Wannabe» bideoklipa jotzen da lehenengo lip dub-tzat eta Euskal Herrira iritsi aurretik, mundua aztoratu du fenomeno honek, fakultate eta enpresak bereziki. Orain gutxi ezagutu dugun terminoa den arren, arrakasta eskuratu du gurean ere gazte belaunaldien artean, eta horren erakusgarri da EITBko Gaztea Irratiak antolatutako lip dub lehiaketan izandako parte hartze handia.

Lotsa alboratu eta kamera aurrean antzeztu beharra dago. Lagun edo ikasle taldeek ondo pasatzeko egin izan dituzte mota honetako bideoklipak, baina bai Katalunian bai Euskal Herrian, lip dub-ak mezuz hornitu eta aldarrikapenak lau haizetara zabaltzeko ere erabili dituzte.

Azaroa hasieran zabaldu zen sarean Kataluniaren independentzia aldarrikatzen zuen lip dub-a eta ez da makala lortu duen marka. ZuZeu.com albistari digitalean irakur daitekeen bezala, ia 800.000 bisita lortu zituen hiru astetan eta Berriak eta Politika saileko bideorik eztabaidatuena izan da azaroan mundu osoan.

Galder Gonzalez eta Patxi Gaztelumendi, sarean nabigatzen ari zirela lip dub hori aurkitu, eta, GARAri aitortu ziotenez, «txundituta» gelditu ziren orain hilabete. Euskal Herrian lip dub-a egiteko ideia mamitzen hasi zen orduan, euren buruetan aurrenik eta sarean gero. Hasteko, lipdub.euskalherrian.info bloga jarri zuten martxan, egindako hainbat lip dub ezagutarazteko eta horren inguruan zeuden iritziak bildu nahian. Jendearen erantzuna «sekulakoa» izan zela dio Gonzalezek eta, hori dela eta, erronkari heldu zioten, herritarren ideiak eta proposamenak lagun hartuta.

Aberri Egunean edota sanferminetan egiteko proposamenak zeuden arren, abenduaren 6an Durangon egiteko aukerak indarra hartu zuen. Gaztelumendiaren esanetan, sareak «surfaren antza ere badu eta olatua hartu eta aprobetxatu beharra zegoen», eta hortik biharko hitzordua.

Errezeloak dituztenak topatu arren, harriturik utzi ditu belaunaldi gazteenek erakutsitako gogo eta prestutasunak eta makina bat dira Facebook edo Tuenti-ren gisako sare sozialetan bertaratuko direla diotenak. Zaila da, ordea, lip dub-ean zenbat jendek parte hartuko duen aurreikustea.

Hitzordua jarrita dago: 11.00etan hasiko da izen-ematea eta 13.00etan hasiko da filmazioa Landako azoka inguruetan. Bideoan agertzeko bertaratzea nahikoa izango den arren, antolatzaileek Euskal Herriko inauteriak, jaiak, kirolak... irudikatu nahi dituzte bideoan eta, beraz, jendeak jantziak eta tresnak eramatea eskertuko dutela adierazi dute. Gainera, berdez jantzita joateko deia egin dute, Independentistak Sareak egiten duen deialdiarekin bat eginez.

«Ez dakit zer pasatzen den azkenaldi hontan jendea hasi dela dantzatzen sarritan...». Horiexek izango dira independentzia aldarrikatzeko aukeratutako konpasak. Abesti «dantzagarria eta adin guztietako pertsonentzat oso ezaguna» izateaz gain, Joseba Sarrionandiak Martuteneko espetxetik bafle artean ihes egin zuenetik 25 urte igaro direla gogora ekarri nahi izan du Gaztelumendik. Lip dub-aren bidez, Sarrionaindiak «bafletara berriz bueltatzeko garaia duela» aldarrikatu nahi dute Durangon, euskal kulturaren eta Sarrionaindiaren beraren sormenaren erakusleihoan.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo