GARA > Idatzia > Mundua

Aurkaririk gabeko hauteskunde lotsagarriak egingo dituzte Egipton

Hosni Mubaraken erreinuan hauteskundeak deitzen dituzten aldiro, demokrazia oso larri zaurituta geratzen da. Gaur bertan dugu fenomeno kezkagarri horren azken adibidea, Legebiltzarrerako hauteskundeen bigarren itzulia egingo baita, oposizioaren esku-hartzerik gabe.

Jose Angel ORIA

Gaur zortzi egin zen lehen itzulian erabaki gabe geratu ziren eserlekuak hautatzeko bozketa gaur egingo da Egipton, baina prozesuak ez du inolako sinesgarritasunik, irregulartasun ugari salatu baita, batetik, eta oposizioko taldeek, joera ideologiko ezberdinekoek, gaurko hauteskunde itxurako ospakizunetan esku ez hartzea erabaki baitute, bestetik.

Egipto da herrialde arabiarrik populatuena eta, Palestinarekin muga egiten duenez, Israelekin dituen harremanek eta gatazkek askotan eraman izan dute herrialdea hedabideetako lehen orrialdeetara.

Ia 28 milioi lagunek dute gaur botoa emateko aukera, Parlamentuak dituen 508 diputatuetako 283 aukeratzeko. Joan den igandeko itzuliko garailea NDP Alderdi Nazional Demokratikoa izan zen (209 diputatu), baina ezin da esan «garaile garbia» izan zenik, bertako zein atzerriko gobernuz kanpoko erakundeek eta oposizioko alderdiek ere irregulartasun larriak salatu baitzituzten.

Dozena bat eserleku baino ez zituzten lortu Mubaraken alderditik kanpo dauden hautagaiek. Gainera, begiraleek esandakoaren arabera, barruti askotan Mubaraken aldeko hautagaiak aukeratuko dituzte gaur ere, bigarren itzulira iritsi diren biak presidentearen aginduetara daudelako. Beraz, gaur botoak zenbatzen hasi aurretik, NDP alderdiak bermatuta dauka Parlamentu berriko lau eserlekuetatik gutxienez hiru bereak izango direla.

Anaia Musulmanek eta Wafd alderdi liberalak ez dute esku hartuko, aurreko igandeko irregulartasunak kontuan hartuta hauteskunde garbiak eta demokratikoak egitea ezinezkoa delakoan. Esku-hartzea Mubaraken erregimenari zilegitasuna ematea litzatekeela diote.

%10

Nazioarteko begiraleek egindako kalkuluen arabera, aurreko igandeko itzulian boto-emaileen %10ek baino ez zuten botoa emateko eskubidea erabili, batez ere segurtasun indarren eraginez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo