GARA > Idatzia > Kultura

Liburu elektronikoen eskaintza bateratua

Paperezkoa eskuekin ukitzen segi nahi duten nostalgikoek amore eman beharko dute. Liburu elektronikoak lekua irabazten ari dira eta euskal ekoizpena biltzen duen Gurebook.com ataria abian da jada.

p057_f02_97x76.jpg

A. ARRUTI | DURANGO

Teknologia berriek irauli egin dute gure bizimodua eta literatura ere aukera berriak ezagutzen ari da azken urteotan. Liburu elektronikoek gero eta jarraitzaile gehiago dituzte eta euskal argitaletxeek ez dute atzean gelditu nahi.

Orain arte nor bere aldetik aritu dira, baina guztien ekoizpena bildu nahi duen atari berri bat sortu da. Plazagunea eta Libenet enpresa teknologikoetan sortutako ideia da Gurebook.com ataria, on line denda espezializatua. «Plataforma bat sortzea izan zen gure ideia», esan zuen Alexis Mindegia, Libeneteko kideak. «Batetik, euskal editoreentzat, euskaraz zein gaztelaniaz, eta, bestetik, publikoarentzat orokorrean. Liburu elektronikoa oraindik garapen prozesuan dagoen zerbait da. Gure editoreen katalogo osoa bildu nahi dugu, baina aldi berean, liburu elektronikoen inguruan dauden aurrerapen guztien erreferentzia puntua izan nahi dugu».

Atari honen bitartez, eskaintza osoa leku berean izango dugu, argitaletxe bakoitzaren salmenta puntura jo beharrik izan gabe, eta paperezkoa baino merkeago eskuratu ahal izango ditugu liburuak. «Internet ozeano handi bat da. Bertan eskaintza izugarri zabala da eta, nik uste, Euskal Herrian eta batik bat Gurebook bezalako atariek bilatzen dutena dela kokapena eta ikusgai egitea itsaso horretan».

Alberdania, Elkar, Erein, Pamiela, Sua, Ttarttalo eta Txertoa dira oraingoz bertan aurki daitezkeen argitaletxeak. Denera, 260 titulutik gora eskaintzen dituzte. Hala ere, dagoeneko argitaletxe gehiagorekin akordioak hitzartuta dituztela jakinarazi zuten atzo Durangon.