GARA > Idatzia > Kultura

Emakumezkoen kultur ekarpenak plazara irtengo dira

 

Oihane LARRETXEA | DURANGO

Bilgune Feministak bere proiektu berria iragan ekainean Donostiako Doka kafe antzokian aurkeztu bazuen ere, atzo, Durangoko Azokaren lehen egunean, Emakumeok Plazara egitasmoa bultzatzen duen webgu- nearen berri eman zuen. Helburu argia eta zehatza dute: emakumezkoen ekarpen kulturalak ezagutzera ematea. Horretarako, sareaz baliatuko dira hain zuzen, bakoitzak egiten dituen proposamenei esker.

Atariaren nondik norakoei dagokienez, Leire Ibargurenek azaldu zuenez, ohartu ziren kultura arloan aspaldi emakume kulturgileek euren lana publikoki ezagutzera emateko zailtasunak zituztela. «Urteak daramatzagu jai parekideen lanketan -zioen-, eta hasieratik oztopo batekin egin genuen topo: jaien egitaraua prestatzean emakumez osatutako taldeak ez genituela ezagutzen». Oztopo edo desabantaila horiek, beraz, «eremu soziopolitikoan izateaz gain, arlo kulturalean ere» badirela nabarmendu zuten.

Bilgune Feministak Euskal Herri parekide bat lortzeko gauzatzen duen borroka horretan, kulturari ere «bultzada bat» eman nahi diote, oraingoan, emakumezkoek egindako bertsolaritza, musika nahiz antzerki bidez.

Bozgorailu kolektiboa

Helburu hori lortzeko bidean, gaur egungo aukera teknologikoez baliatuz, www.emakumeokplazara.org ataria sortu dute. Bertan «ekarpen kulturalen baliabide zerrenda» osatu dute eta ekintzez betetako agenda eguneratua ere plazaratuko dute.

Parte hartu ahal izateko, izena ematea ezinbestekoa da eta izena emateko hiru baldintzetako bat bete beharra dago. Emakume izatea lehenik; bestetik, eta talde gisa izena emanez gero,, horien artean emakume bat «aktiboki» kulturarekin zerikusia duten ekarpenetan jardutea; eta, azkenik, balio feministak bultzatzen dituen lanak egitea.

Miren Amuriza bertsolariak ederki laburbildu zituen atariaren asmoak eskaini zuen bertsoan. «Imajinatu mundu bat denontzako dana berdin/ batzuk egin dituzte horretan mila ahalegin/ beraz hasi den lanari orain beharko diogu ekin/ indarrarekin baino gehiago lortzen da sormenarekin».

 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo