GARA > Idatzia > Kirolak> Saskibaloia

ACB Liga Baskonia eta Lagun Aro GBC, Sevillara eta Badalonara bisitan

Azken belarrondokoa ahazteko edo beste masaila jartzeko aukeraren bila

A. G.

Masaila gorri-gorri dutela iritsi dira Sevillara eta Badalonara Caja Laboral Baskonia eta Lagun Aro GBC, hurrenez hurren. Bada, gasteiztarrek -ETB 12.30- eta donostiarrek -17.00 Teledeporte- azken belarrondokoa ahazteko edo gorritu gabeko masaila jartzeko abagunea izango dute gaur.

Dusko Ivanovic-en taldea ACB Ligan Euroligan baino askoz maila hobea ematen ari da. Horrez gain, asteazkenean Prokom-en aurka galdu ondoren, Montenegroko entrenatzaileak salaturiko «jarrera falta» egun bakarreko kontua baino ez zela frogatu beharko dute arabarrek.

Hegazkinik hartu ezinda, Sevillara kostata iritsi ziren atzo arabarrak. Gasteiztik Madrilera autobusez joan ziren eta gero abiadura handiko trenean iristea lortu zuten.

Cajasol aurkari egokia izan liteke, uste baino okerrago ari baita. Hiru garaipen lortu dituzte Joan Plazarenek eta joko oso gorabeheratsua ari dira erakusten. Dena den, Mirza Teletovic ez da fio. «Erraz irabaziko dugulakoan joaten bagara, beste belarrondoko bat jasoko dugu», aitortu zuen.

Ez korrika egiten utzi Joventuti

Bestelako aurkaria izango du Lagun Aro GBCk, Valentziaren aurka galdu ostean. Joventut oso ongi ari da eta joko bizia darabil. Donostiarren teknikari Pablo Lasok berak entrenatzaile gisa burutuko duen ehungarren partidaren bezperan honela esan zuen: «Beren erritmora jokatzen badugu, zer galdu asko izango dugu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo