GARA > Idatzia > Kultura

DURANGOKO AZOKA

Aurten iazko kopuruak berdinduz gero, denak pozik Durangon

Ikastetxeei eskainitako jardunik gabe, ezohiko moduan ekin dio aurten Durangoko Azokak, larunbatez. Eta, akaso, aurretik bost egun ditugulako, atzo goizean tantaka-tantaka gerturatu zen jendea arratsalderako itxura hartzen hasi zen Landakora. Giroan Xabier Leteren egoerak sortutako kezka airean zela, argitaletxeak pozik ziren, orokorrean, aurten azokaratutako eskaintzarekin, eta gehienak poztuko dira iazko kopuruetara iritsiz gero. Publikoak du hitza.

p048_f04_148x124.jpg

Anartz BILBAO | DURANGO

Umore onez eta publiko urriarekin ireki zen atzo 2010eko Durangoko Azoka, giro hotz eta eguzkitsua zela. Eta krisia haginkadaka dugula urte batzuk badirenez, editoreengana jo dugu, aurten «Landakoratu» dituzten aurreikuspenak ezagutzeko asmotan.

Zenbakitan, eta ekoizpen berrienari begira, 339 liburu eta 85 diskokoa omen da aurtengo eskaintza, Gerediagako txostenak dioenez. Iazkoa baino ugariagoa beraz, 2009an 308 liburu eta 69 disko baitziren salgai. Eta iazko zenbaki adierazgarria agertu denez, aurten Euskal Liburu eta Disko Azokak gai nagusitzat «erotismoa» duela ere aipatu nahi dugu, pentsa nolako kontuekin ari garen!

Merkatuan gero eta ugariagoak -eta garrantzitsuagoak- diren bideo lanak eta beste kontuan hartu gabe, liburu edito- reengana jo eta krisiak krisi baikor antzean aurkitu ditugu. «Oso goiz da aurreikuspenak egiteko» esan eta eguraldia aipatu digu Elkar etxeko Txantxonek. «Beste urtetan aste garaian eta ikastetxeei lehen eguna eskainita hasi gara. Aurten horrelakorik ez eta larunbatean hasi gara. Oso egun pattala izan da, baina lau egun ditugu aurretik, eguraldi iragarpen politarekin. Ea, ba, aurreko urteko maila lortzen dugun». Horretarako ikaragarri eskaintza zabala aurkeztu du Elkar etxeak, beti bezala, haurrei begira plazaratutako lanetan zein helduen literaturan (Xabier Montoiaren ipuin liburuarekin, esaterako) edo diskoetan (Ken Zazpik Elkarrekin batera argitaratu du azken lana).

Txalapartaren izenean, «jendearen erantzuna aurreikustea oso zaila da», aitortu digu Mikel Sotok, eta Txantxonen bidetik jo gero. «Oso zaila da esatea. Izan zen aspaldi jaitsiera bat, baina ezin esan azken urteotako mailari eutsiko dion ala ez. Publikoa egonkortuta ikusten dut, eta bost egunetan banatuta antzeko kopuruetara iritsiko da. Eta salmenta aldetik gutxi gorabehera aurreko urteen antzeko datuak espero ditut». Gainera, «eskaintza aldetik pozik gara, hizkuntzen aldetik eta saiakera zein fikzioari begira lan politak ekarri baititugu», jarraitu du nafarrak, Irati Jimenez eta Patxi Zubizarretaren lanak aipatuta. «Jakiteko dago dugun eskaintzak kolpe pare bat sortuko ote dituen eta, alde horretatik, urte askotan gauzak ikasi dituzula uste duzun arren, sorpresak hartzen dituzu».

Liburugintzarekin bukatzeko, Susak eta Alberdaniak ere egindako lanari jarri diote arreta, publikoaren erantzuna beraien esku ez dagoela-eta.

Inazio Mujika Iraolak, labur, «betiko espektatibarekin, ekarri ditugun liburuak defenditzera etorri gara» hasi, eta «betiko beldurrekin ere» aitortu digu -katalogoko izen propioak aipatzeko beharrik gabe-. Alberdania etxeko arduradunaren aburuz, «krisiak guregan ere eragin handia du. Iazkoa errepikatu, behera egin edo gorantz hasiko ote den gabiltza, edo beldurrak beteko diren». Alberdaniaren erakusmahaian dago, esaterako, Anjel Lertxundiren «Eskarmentuaren paperak» lan saritua.

Bestalde, «aurten lan ona egin eta espektatiba oso onarekin etorri gara», bota digu Gorka Arresek. Meabe, Benito, Apalategi, Izagirre, Barandiaran... sorta ederra dakar aurten Susak plazara. «Badakigu egoera oso txarra dela», diote, baina Azokara etorri baino lehen eskaintza goraipatu diete; «horrek poztu egin gaitu». Eta bukatu aurretik, lehia ulertzeko gako bat ere eman digu. «Azkenean Durangoko Azokan nork zer ekartzen duen izaten da gorabehera, eta batzuek salmenta ona izango duten bezala, honakoa ez da izango beste batzuen urtea».

Inoiz baino musika gehiago

Liburugintza atzean utzi eta «beste musika» bat entzun dugu kezkatuago sumatu ditugun diskoetxetan, ñabardurak ñabardura.

Babel Musik-en, «aurtengo Azokara, betiko legez, egitasmoak aurkeztera gatoz», adierazi digu Eneko Aldaik. «Hemen egiten den zuzeneko salmenta garrantzitsua da. Batetik, bezeroarekin tratu estua egiten delako, zuk propio ekoiztutako lanak eskaintzen dituzulako eta, bestetik, ekonomikoki, tarteko banatzailerik ez denez, kontuak koadratzeko balio duelako». Gainera, «gero eta atomizatuago dago merkatua, eta autoekoizpenak gero eta gehiago dira».

2010eko Azokan Gaztelupeko Hotsak zigiluak ere oparoa du eskaintza. Bertako kide Ubane Uzinek, «alde batetik, inoiz baino musika gehiago kontsumitzen da, baina, bestetik, formatu krisia dugu, mundu mailakoa gainera», egin digu bat-bateko hausnarketa. «Eta aurtengo beldurra ez dago gure eskaintzan -guk betiko moduan kalitateko lanak ditugu erakusmahaian-, izango duten erantzunean baino». Kontua ez omen da lanak gustuko izango ote diren, eta formatuek ere zerikusia dute musikaren auzian -binilo, CD, deskarga digitala...-. Krisiak gogor astindu du arloa eta «kontua izorratuta dago oso», jarraitu du Uzinek. «Ileapaindegian zein harategian nabari daiteke hori, eta gurean ere igarri behar da, bestela beste planeta batekoak ginateke».

«Salmenta burbuila bat izan da beti Durangoko Azoka», esan digu Baga-Biga diskoetxeko Ritxi Aizpuruk. Orain arte, «urteko salmentak areagotu egiten ziren lehen hemen, eta orain, urtean zehar gero eta disko gutxiago saltzen denez, gero eta areagotuagoa zegoen Azokaren garrantzia». Eta hemendik aurrera «ez dakit zer gertatuko den. Egoera ekonomikoa latza da eta kontsumoa gutxitu egiten da, batez ere kulturan. Eta musikan aurreztu ahal badu, jendeak aurreztuko du, sarean doan jaitsita etab.». Aurreikuspen guztien aurrean, Baga-Bigan eredu aldaketari -industriaz ari gara- erantzuteko, bulego oso batez erantzun nahi diote artistari. «Diskoak salmentarako ateratzen ditugun arren, gaur ez dute xede nagusia saltzea, bozgorailu izatea baino, zuzenekoetara begira». Kontua da zuzenekoen joeraz ere kezka duela Aizpuruk, «zuzeneko burbuilak zein bilakaera izango duen, herriko jaietan-eta».

Eta Baga-Bigaren azterketa sakonaren ondoan, Gor-ek nahiago du egunez egun joan. «Goizean galdetu izan bazenu, burumakur izango ginateke -Marino Goñi mintzo da-, baina arratsalderako animatu da kontua». Hauek ere, aurreko guztiek bezala, eskaintzan dute konfiantza. «Azoka polita espero dugu». Hala izan dadila, asteazkenera arte badu non ase Durangora gerturatzen den literatur eta musika zaleak.

ESKAINTZAZ HARRO

Azokaratutako lanekin pozik agertu ziren atzo argitaletxe eta diskoetxe gehienak, eta jasoko duten erantzuna aurreikustea ezinezkotzat jotzen duten arren, iazkoarekin alderatuta ez dute gorabehera handirik espero.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo