GARA > Idatzia > Kultura

DURANGOKO AZOKA

«Gartxot», elurretatik Landakoko plazara

Anartz Bilbao Kazetaria

Zaparrada handirik gabe, elurra bezala, mara-mara bete da Azoka aurreneko egunean. Landakoko erakustazokatzarra epel eta huts samar aurkitu genuen goizean, eta itxuratu zen arratsalderako. Eta kanpoan kasik barruan baino jende gehiago bildu zela ere esango genuke.

Eguerdian, Adierazi EH ekimenak Plateruenako oholtza hartu zuen, mukuru zen aretoari proposamena helarazteko. Ordurako baina, bazen plazan poeta baikor bat, maleta ireki eta plaza erdian bere idatziak eskaintzen, merke. Eta arratsalderako, hegoamerikarrak eta Afrika beltzeko saltzaile ibiltariak gehitu zitzaizkion, eskumuturreko, lepoko eta beste saltzeko irrikitan; akaso, nonbait egunotan Durangon jendetza entzun dutelako; akaso, beraiek ere euskalduntze bidean direlako.

Alabaina, guk eguzkipean eta plaza hotza berotu nahian aurkitu genituen bi proposamen polit ekarri nahi ditugu zutabetxora. Bata, Esne Beltza aseezinena. Aurreko gauean Plateruenan zuzeneko grabaketa atondua zuen taldeak indarrak agortzeke zituela-eta, iragarri gabeko kontzertutxoa jo eta arreta lortu zuten. Plateretan Dz disko-jartzailea, gitarra eta ahotsean Xabi Solano, dantza ikusgarrian Txino jatorra, eta festa piztua zen. Zer gehiago behar duk/n ba?

Bestetik, Juanjo Elordi zinemagilearen eta Asisko Urmeneta marrazkigilearen egitasmo berria, «Gartxot», «Argia»k plazaratu zuen komikian oinarrituta, animaziozko film luzearen bidean dago-eta. Gaur Azokara gerturatu eta filmaren «miniekoizle» izan nahi duenak, txistorra doan jan eta fotograma bat erosteko parada ere izango du, 10 eurotan.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo