Xabier Lete zendu da, gaixotasun luze baten ondorioz
Xabier Lete idazle, kantari eta poeta atzo gauean hil zen 66 urte zituela, Donostiako Ospitalean. 1980ko hamarkadatik gaitz luze eta larri bat gainditzeko borrokan ari zen kementsu. Euskal kulturan dolu handia eragin zuen zoritxarreko albisteak.GARA | DONOSTIA
Pare bat egun ospitalean larri eman ostean, atzo gauean zendu zen Xabier Lete. Urte luzeak zeramatzan gaixotasun larri baten aurkako borroka latzean, zehazki 1980ko hamarkadatik. 1985ean zeregin publikoa alde batera uztera derrigortu zuen gaitzak. Orduan politika munduan zebilen, Gipuzkoako Aldundiko Kultura Sailean hain zuzen.
1944ean Oiartzunen jaioa, Xabier Lete Bergaretxe gazterik hasi zen idazten, eta bere artikuluak ohiko bihurtu ziren «Zeruko Argia» aldizkarian. 60ko hamarkadan Ez Dok Amairu taldea abian jarri zuenetik, , besteak beste, Mikel Laboa, Benito Lertxundi eta Lourdes Iriondorekin batera, euskal kulturan berebiziko garrantzia eta eragina izan du Xabier Letek. Txirritaren bertsoen bertsioak edo bere lehenengo diskoko (1974) «Ni naiz», «Nafarroa arragoa» eta «Sehaska kanta» euskal kantagintzan klasiko bihurtu dira denborarekin. Bere pentsamenduaren beroa, beti sakona, zuzena, ironikoa, samurra eta sentikorra jendearen bihotzetaraino barreiatu zen. Bertako abeslaririk garrantzitsuenek ere askotan baliatu dituzte Leteren hitzak kantuak osatzeko.
Baina kantaria ez ezik, idazle handia ere bazen Xabier Lete. 1968. urtean lehen liburua eman zuen argitara, «Egunetik egunera gurpilera» (Hegosa-Cinsa), eta orain ia urte bete justu «Egunsentiaren esku izoztuak» (Pamiela, 2008), bere azken poema liburua, euskarazko literaturaren Euskadi sariaren irabazle izendatu zuten.
Maitasuna eta heriotza ziren olerki haien ardatz, Lourdes Iriondorentzat idatzi baitzituen. Izan ere, 2005. urtean, kolpe latza jaso baitzuen Letek; bere emaztearen heriotza.
Lourdes eta maitasuna
Pilar Iparragirrek «Argia» aldizkarian egin zion elkarrizketa batean emazteari zion maitasuna agerian utzi zuen: «Iraganeko denboretan eta, batez ere, krisialdietan, askotan galdetzen nion neure buruari zergatik hasi ote nintzen abesten. Eta azkenean, beste arrazoi eta argudio guztiak arakatu ondoren, ondorio batera ailegatu nintzen: Lurdesengatik, haren eraginez eta bultzadaz hasi nintzela kantuan; haren xarma pertsonalak erakartzen ninduelako eta haren iritzi baikorrak beti suspertu izan ninduelako, baita neure buruarekiko unerik ukakorrenetan ere».
Eta Lourdes Iriondo nola ezagutu zuen galdetuta zera erantzun zuen: «1965. urtean, 21 urte nituela. Hasia nintzen `Zeruko Argia'rako artikuluak idazten eta Oiartzungo Lartaun antzerki taldean. Poesia ere idazten nuen. Eta, horrela, `literatura'ren ur horietan nenbilela, Lekuonak eta Artzek adierazi zidaten hasiak zirela bilera batzuetan parte hartzen, euskal kanturako talde bat sortzeko asmoz; eta bileretara gonbidatu ninduten. Joan, eta han ezagutu nuen pertsonalki, lehen aldiz, Lurdes Iriondo. Eta berarekin batera, Benito Lertxundi, Joxe Anjel Irigarai eta besteak. Mikel Laboa ez, artean Bartzelonan bizi zen».
Erretiroa
«Lore bat, zauri bat» argitaratu ostean, kantagintzatik erretiroa hartzea erabaki zuten Letek, Iriondok eta Valverdek, batez ere orduko musika eta politika arloko joerarekin ez zeudelako eroso. «Aspertua eta gogaitua nengoen kantaldien inguruan eta barruan gertatzen zirenekin. Oso giro makurra zegoen, eta kantaldiak aitzakia bat ziren kontsignak eta esloganak oihukatzeko, `Gora Euskaldi askatuta', `Gora Euskadi sozialista' eta abar. Batzuetan haserretu egiten nintzen, baina hori entzuleek oso gaizki hartzen zuten, eta kantari lagun batzuek ere bai. Beraz, egun batean pentsatu nuen: `Aguanta zaitzatela zeuen ama santisimak!'».
1991ra arte ez zuen hurrengo lan diskografikoa argitaratu: «Eskeintza» (Elkar, 1991), Jabier Muguruza eta Pascal Gaignerekin. Hurrengo urtean, «Hurbil iragana» (Elkar) kaleratu zuen, berriz grabaturiko abesti ezagunenak biltzen dituen lana.
«Nire bizitzako erabaki askotan ez dut asmatu, portaeretan bereziki. Nire baitan anbizio intelektualak izan ditut, baina gauzatzerakoan bide erdian geratu naizen sentipena dut, porrotarena. Nahi izaten dugu asmatu, zuzen ibili zentzu etikoan asmatuz, baina askotan ez dugu lortzen. Baldarrak gara. Gizakia argitsua den neurrian, lanbrotsua ere bada», zioen urte batzuk geroago.