GARA > Idatzia > Kultura

DURANGOKO AZOKA

Munduaren eta erotismoaren sorrera, Carrereren ahotik

 

Amaia EREÑAGA | DONOSTIA

Inaugurazio ekitaldiak, politikariak tartean badaude behintzat, nahiko astunak izaten dira, hori aitortu beharra dago. Durangoko Azokako inaugurazioek, ordea, bestelako «ukitua» izaten dute. Politikariak egon badaude -Lakuako zein Gipuzkoa eta Bizkaiko aldundietako ordezkari nagusiak ikusi genituen atzo-, eta, beste aitorpen bat, batzuetan politika arloko gizon eta emakumeek une bitxiak eskaintzez dizkigute: Jose Luis Bilbaok, Bizkaiko ahaldun nagusiak, esaterako, frantses perfektu batean mintzatu ostean -Victor Hugoren esaldi bat ekarri zuen gogora: «Euskal hizkuntza aberri bat da»-, aurrean zuen Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lourdes Auzmendiri Lakuak euskal kulturarekiko duen jarrera aurpegiratu zionekoa.

Bitxiagoa, eta dibertigarriagoa nola ez, Jose Mari Carrere aktore eta ipuin-kontalariak jarraian eskaini zuen «hitzaldia». Aurtengo Azokak erotismoa du ardatz, eta aktore gipuzkoarrak -barka gaitzala, baina une batzuetan Buenafuente ekarri zigun gogora; atzoko saioan erakutsi zuenez behintzat ez dio umorista katalanari inbidiarik izan behar- erotismoa nola «sortu» zen «erakutsi» zien bertan zirenei. Greziar mitologiaren «etxeko» bertsioa egin zuen, kalimotxoarekin mozkortuta zegoen jainkoa (Poros) eta hartaz aprobetxatzen den emakumearen (Penia) elkartzetik Eros jaio omen zelako («Eros: erotismoa, erosioa, eromena»). Baina beste kultura batzuetara jo zuen ere, egiptoarrera -«kanpai jotze batetik gatoz guztiak», Ra jainkoarena alegia- eta, nola ez, kristaura, non Adan lizun batek artaldeko ardiak erdi zoratu zituen; Eva agertu arte, noski.

KANTU KANTARI

Imanol Urbietari eskainitako omenaldian eskola garaira egin zuten jauzi denek. Besteren artean, «Ranroberra» eta «Txiki-txikia» kantuak abestu eta dantzatu zituzten lagunartean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo