GARA > Idatzia > Euskal Herria

Itsasbazterra babesteko erronkari ekinez, Europan hogei urte bete ditu Surfrider elkarteak

Surflari talde batek Surfrider Foundation Europe sortzea erabaki zuen duela hogei urte. Biarritzen kokatuta, itsasertzaren egoerari buruz sentsibilizatze lanean borroka luzea eraman dute, eta ekinaren ekinez, Europan erreferentziazko antolakundea izatea lortu dute.

p015_f01.jpg

Ainize BUTRON

Thom Curren Biarritzen bizi zen surflari profesionalak hartu zuen Surfrider Foundation Europe sortzeko erabakia. Itsasoaren egoeraz, eta uretatik ateratzen ziren aldi oroz surflariak gaixorik ikusteaz asperturik, bere bizilekuan kokatu zuen erakundearen egoitza nagusia. Gizartea itsasoaren kutsaduraren arazoaz ohartarazi eta sentsibilizatu nahian, urtez urte hainbat ekintza antolatu eta burutu ditu erakundeak: bandera beltzak jarri kutsatuak zeuden hondartzetan, Itsas Ekimenak bezalako jarduera pedagogikoak, eta heziketa arloko beste hainbat ekimen. Egoitza nagusiak Biarritzen jarraitzen badu ere, Europa osoan hedatua da Surfrider Foundation Europe.

«Ez dago egitura nazionalik, gure eredua Europako gune geografikoen arabera zatitua da», argitu zuen Mathieu Berge erakundearen ordezkariak. Europan zehar banatutako berrogeita bost bulego inguru, bost mila bazkide eta makina bat boluntarioren laguntza dute proiektua aurrera eramateko. «Orotara, 10.000 kide ditugu, benetako itsas kultura bat duen lekuetan kokatzen gara», gehitu zuen. Euskal Herriari dagokionez, Biarrizko egoitza nagusitik, laster, Ipar Atlantikoaren ardura hartuko duen bulegoa berria sortzekotan dira Donostian.

Surfriderren jarduera ardatz nagusiak hauek dira, betiere oinarri hartuta itsas ingurumena babestea eta iraunkortasun irizpideen arabera kudeatzea: uraren kalitatea zaintzea; lurraldea artifizialtzeko joera salatzea, bereziki itsasertza eraldatuz egiten diren hirigintza lanak, portuen eraikuntza eta halakoak direla-eta; makro-hondakinen kutsadura amaitzeko lan egitea, itsasoa eta ibai eta errekak zikintzen dituzten zaborrak garbitzeko kanpainak antolatuz, esaterako; eta ingurumenari eta ondare naturalari balioa ematea.

Itsasoko uraren edo ingurumenaren kalitatea da Surfriderren erronka nagusia, izan ere, itsasoaren kutsadurari ez zaio behar besteko garrantzirik ematen. Makro-hondakinak aipatzean, esate baterako, hondartzetan eta ibaiertzetan pilaturik amaitzen duten botila, ontzi, plastikoez ari dira, eta salatzen dutenez, egungo legerian halakoak ez omen dira kutsaduratzat hartzen, eta ondorioz, neurri eraginkorrik ere ez da hartzen, arazoa errotik konpontzeko.

Marea Urdina

Jarduera ardatzak bideratzeko, eta aldarrikapenak Europa osoari begira pisuzkoak izateko, Surfrider fundazioak Europa mailako elkarte gisako estatutua izatea aldarrikatzen duela nabarmendu zuen Bergek: «Hainbat herrialdetan elkarteak kokatuak ditugu, eta, gure aldarrikapenak itsasbazterrak bere osotasunean kontuan hartzen badute, behartuak gaude herri bati lotuak izatea». Horrenbestez, «itsasbazterrean aditua den erakunde bakarrenetarikoa» da Surfrider. Eta, hogei urtetan ezaguturiko garapen handi horrekin jarraitzeko asmoarekin daude.

Landuriko azkeneko Marea Urdina ekimena ekarri zuen gogora Bergek. «Egitasmo horrekin, lehen aldiko, Europa mailan daramagun lana lurralde jakin batean gauzatzeko aukera izan dugu. Eta, arrakastatsua izan da», nabarmendu zuen.

Marea Urdina 2008an abiatu zen, Europako diru laguntzei esker. Akitaniako Kontseilu Nagusia, Eusko Ikaskuntza eta Euskal Herriko Surf Federazioa izan ditu lagun Surfrider erakundeak horretarako. «Ekintzen garapena, ingurumen heziketa eta herritarren mobilizazio lanak bultzatzea xede zuen hiru urteko proiektua zen». Horrekin, uraren kalitateari buruzko neurri europarrak 2015ean gogortuko direla-eta, Euskal Herriko hamazazpi hondartzetan analisiak egiteko laborategia sortu zuten. «Uraren analisiak udan baizik ez dira egiten. Marea Urdinarekin sarea sortu genuen hondartzen kalitateari buruzko ikuspegi orokorra izateko», gaineratu zuen. Herriko etxeekin elkarlanean, uraren kalitateari buruzko jardunaldiak, erakusketak eta beste hainbat ekimen bideratu dituzte. Laguntzak hiru urterako aurreikusiak zirenez, egitasmoa bertan behera geratu da. Donostiako bulegoa mantenduko dute, eta hasierako asmoari jarraituz, Ipar Atlantiko eta Euskal Herria kudeatuko dituzte bertatik. Bi misio izanen ditu: Euskal Herri mailako ekintzak indartu eta, Ipar Atlantikoko ekimenak koordinatu.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo