GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Hartutako zorrak kitatu nahian

Modu txarrean, trakets, lotuta eraman zuten egun hura ez dut ahaztuko. Ez nuen ikusi eta azalean sentitu, ilunabar aldrebesaren ostean kostata hartutako loaldian nengoen eta gosaritan jaso nuen berria, kafearen gogortasun eta mikaztasun berberarekin.

Ohi denez, aurpegitik kendu ezin zuen irribarrea zenbateraino estimatzen nuen ez nuen hura ikusteari utzi arte jakin, galdutako beste irribarre lasai eta itsaskor batzuen pare.

Elkarrizketa luze edo sakonik ez dut gogoratzen, baina zehaztasunez oroitzea kostatzen zaizkidan parrandako kontu bakan batzuk nahikoak izan zituen bere bihotz-zabaltasuna nire begietara agerian uzteko. Maitatu eta maitatua izateko gaitasun berezia duten horietakoa baita, ondotxo erakusten jakin duenez.

Lehen egunetako zurrunbilo eta nekez ahaztuko dudan kontakizun krudelaren ostean, urruntasuna eta egoera tarteko, apurka-apurka jaso nuen bere berri, arian-arian. Bost hilabeteren bueltan edo, ustekabean, bote-prontoan entzun nuen bere ahotsa telefonoz, urrun; azukrea bezain gozo, baina, aldi berean, kafearen mikaztasun eta gogortasuna berriz burura ezinbestean. Uneko gertutasunak urruntasuna sentiarazi zidan.

Segundo bakan batzuk izan ziren, zarata artean, jaietan, labur-labur eta, hala ere, orduan esan zizkidan hitz bakarrak ondo gordeak ditut. Promes eginarazi zidan, promes egin nion, zorra hartu nuen, zorra kitatzeko eskatu zidan... Asteak eta hilabeteak aurrera, esandakoa ahaztu ote nuen edo, berriz ere akordatzeko eta zorra kitatzeko enkargua helarazi zidan urrundik, irribarretsu eta umoretsu, seguru, ezin baitut beste modu batez gogoratu.

Kitatu ezin diren zorrez oroitu naiz, egiten diren promesez, aise bete daitezkeenez, zailtasunak aitzakia hartuta kitatzen ez direnez, zailtasunik gabe ere ahazten direnez, horiek inolaz ere ahaztu ezin dituzten pertsonez... Eta, nola ez, oparitan jasotako irribarre guztien zorra kitatzeko promes egin nuen keinuaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo