GARA > Idatzia > Mundua

EBrako eta NATOrako bidea errazteko, Poloniara bisita egin du Medvedevek

Azken bederatzi urteotan lehen aldiz Errusiako presidente bat Poloniara joan da bisita ofizialean, bi herrialdeen arteko harremanak hobera egin dutela islatzeko. Errusiako Smolensk hirian Poloniako 96 agintarik izan zuten istripuak bi herrialdeak gerturatu ditu.

Maria ANTONOVA (AFP)

Errusiako presidente Dimitri Medvedev atzo iritsi zen Poloniara bi herrialdeen arteko harremanak estutzeko, duela zortzi hilabete izandako hegazkin istripuan Lech Kaczynski presidente poloniarra hil ondoren hasi zen lotura indartuz.

Medvedeven hegazkina atzo goizean heldu zen elurrez gainezka zegoen Varsoviako aireportura.

Azken bederatzi urteotan Errusiako presidente batek Poloniara egiten duen lehen bidaia da honakoa, eta azkenaldian Moskuk Europar Batasunarekin (EB) eta NATOrekin harremanak hobetzeko hasi duen prozesuan kokatzen da. Ildo horretan, gero eta garrantzitsuagoa den papera betetzen ari da Polonia.

«Oso pozik nago azken hilabeteotan aldaketa posible izan delako Polonia eta Errusiaren arteko harremanetan», esan zuen Medvedevek atzo Poloniako komunikabideek hedatu zuten elkarrizketa batean.

«Urteotan Errusiaren eta Poloniaren arteko harremanak oso urriak izan ostean, orain atal berri bati ekiten diogu», esan zuen Poloniako presidente Bronislaw Komorowskik ostiralean.

«Bide luzea izango da, oso luzea, baina fermuki eusten diogu, EBren eta NATOren babesarekin, baita Poloniak bizi duen egoera ekonomiko onak ematen duen sostenguarekin ere», gaineratu zuen Komorowskik.

«Polonia NATOeko eta EBeko kide da, eta beso luzeko kidetzat hartzen dugu Errusian: gure lagun poloniarrek euren ahalmena Errusia erakunde horietara hurbiltzeko erabiltzea nahi dugu», esan zuen Errusiak Varsovian duen enbaxadore Alexandre Alexeievek.

Polonia, 38 milioi biztanlerekin, SESBen eraginpean izan ziren herrialdeen artean boteretsuena da, eta sei hilabete barru EBko Lehendakaritza hartuko du. NATOko kide ere bada eta misio militarretan parte-hartze handia du.

Smolensken (Errusiako mendebaldean) izan zen aire istripuak bi herrialdeen arteko harreman korapilatsuak baretu ditu, 2007ko udazkenean Donald Tusk lehen ministro liberal pragmatikoa boterera heltzearekin batera.

Historiaren ironia balitz bezala, 96 lagunez osatutako ordezkaritza, Lech Kaczynski presidentea buru zuela Katynera zihoan 1940an Stalinen aginduz hil zituzten 22.000 ofizial poloniarrak omentzera.

Istripuaren ostean, Errusiako agintariek eta bertako biztanle ugarik erakutsitako emozioak Poloniako biztanleak eta eliteak hunkitu zituen. Medvedevek berak bidaia laburra egin zuen orduan Krakoviara Kaczynskiren hileta-elizkizunetan izateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo