DURANGOKO AZOKA
Soinua, doinua, hotsa, hatsa... nola egiten du ornitorrinkoak?
Ohiko sorkuntza eremuetatik at dago «Ornitorrinkus». Ez da musika soila, ez da bertsolaritza hutsa, baina bada zerbait. Esperimentazioaren alorrean ondutako espazio berria bilatu dute Maialen Lujanbiok, Judith Monterok eta Xabier Erkiziak. Emaitzak, ornitorrinkoaren itxura du; definitu ezineko zantzuen harira errotutakoa. Helburu finkorik gabe jaiotako egitasmoa disko batean bildu dute orain, hura ere nahi gabean sortutakoa.
Ariane KAMIO
Wikipedia entziklopedia askearen arabera, ornitorrinkoa (Ornithorhynchus anatinus) erdi urtarra den ugaztun espeziea da, Australiako ekialdean eta Tasmanian jatorria duena. Hain sartuta dago bertako kulturan, Australiako 20 zentimoko txanponetan ornitorrinko bat agertzen dela.
Arrautzak ipintzen dituen ugaztun bakarrenetakoa da, beste lau espezierekin batera. Ahatearen mokoa dauka, satorraren buztana eta igarabaren hankak. Arrek bere hanketan pozoia daukate; hain da handia haren eragina, gizakiari minbizia sor diezaiokeela.
Ornitorrinkoa monotrematuen ordenako hugaztuna izanik, elektrodetekzio bidezko sentsore antzekoak ditu. Harrapakinak erraz aski aurkitzeko baliatzen du ezaugarri hori, eremu elektrikoen detekzioaren bidez gauzatzen dena.
Igerilari ona da eta uretan bilatzen du bere elikagai gehiena. Buztana erabiltzen du uretan azkarrago igeri egiteko. Homeotermoak dira, eta orokorrean, haragijaleak.
Euskal Herrian bizi den ornitorrinko bakarra Maialen Lujanbio (bertsolaria), Judith Montero (saxofoi jotzailea) eta Xabier Erkiziaren (musikaria) nahasketatik sortutakoa da. Ezin jakin noren aldetik jaso dituen bere mokoa, buztana eta hankak, baina hauek ez dira ez ahate, ez sator, ezta igaraba ere. Beren ohiko sorkuntza esparrutik irten eta ornitorrinkoaren itxura hartu duten hiru artista dira, esperimentazioaren eremura jauzi egitea erabaki dutenak. Ornitorrinkus da beren izena, eta «Ornitorrinkus» da orain kasik lau urte abiarazi zuten proiektua. Hala, musika garaikideak, elektronikak eta bertsoak elkar hartuta osaturiko hotsen eta ahotsen egitasmoa da. Saxofoiak, elektronikoak eta ahotsak -a priori elkarrengandik urrunak diruditen hiru jardunek- bakoitzak bere alorra arakatuz lehenik, eta elkar eraginez ondoren, hizkuntza berri trinko bat sortzeko ahalegina da, esperimentazioa bide eta helburu duena.
2006a abiatuta zela hasi ziren Montero eta Lujanbio beren «egonezinen» trukaketan. Gaur egungo bertsolari txapeldun nagusiaren aldetik, bertsolaritzak eskaintzen ez dituen bestelako tematika, tonu, modu eta forma batzuk lantzeko gogoak eraman zuen jauzi horren lehenengo pausoak ematera. Ezin kabitu horrek zirikatu zuen beraz, bertso bidea albo batera utzi gabe, beste zerbaitetan saiatzeko premiari erantzutera.
Montero musikaren munduan aritutako saxofoi jotzailea da, besteek sortutako partiturak jo eta antzeko lanak egin ohi zituena eta Lujanbioren ezinegon berberetik atera ezinda egondakoa. «Maialenek esandako behar berdina nuen nik ere, nik proposatutako zerbait egitea, nahi nuena jotzea edo behintzat nire ideiekin bat zetorren zerbait proposatzea».
Saxofoiaren eta ahotsaren arteko elkarrizketa horrek benetako ahots edo elkarrizketa bat izateko beste ahots bat behar zuela iritzi zioten, ordea. Hortaz, Xabier Erkiziari proposatu zioten beraiekin bat egitea, haren «ahots elektronikoaz» baliatzeko. Puntu horretatik abiatuta utzi zuten haien ornitorrinkoa esperimentazioaren putzuan igerian.
Norberaren segurtasun eremutik at
«Ornitorrinkus»en planteamendua ez da sekula izan zerbait berria egitea. «Hori ondorio bat izan daiteke, ez dakit zenbateraino den berria ala ez, baina ez da a priori ezarritako helburua», Lujanbioren iritziz. Helburua, zinez, bestelako mundu batzuen bila abiatzea izan da, saxoaren eta ahotsaren arteko elkarrizketa bateratu edo hurbil bat sortzea. «Hasieran ez zegoen bide garbirik, orain ere ez, baina hasieran gutxiago. Bilaketa zen nagusi».
Bilaketa horretan, ohikoak diren metodologia eta azpiegituretatik ihes egin eta plaza berrien aurkikuntzan aritu da hirukotea. Bakoitza bere segurtasun eremutik ateratzea eta lur berrietara edo beren burua tesitura berrietan jartzea eta bertan gertatzen denarekin probatzea izan da erabilitako printzipioetako bat. Lujanbioren kasuan, bertsoak berak bere estandarretatik aterata eman dezakeenarekin «jolasean» aritzea.
Erkiziari kasik ezustean iritsi zitzaion gonbita, guztiz ezberdinak ziren background ezberdinetako bi lagunen aldetik gainera, berearekin zerikusirik ez zutenak. «Batzen gaituena, beraz, ez da estetika musikal bat, baizik eta kontzeptu batzuen inguruan lan egiteko nahi edo behar bat», nabarmendu zuen beratarrak.
Nola bateratu orduan norberaren jakintza eta hura ez izatea halako gauza antinatural bat? Hasieratik baztertu du hirukoteak gauza bat besteari atxikitzeko aukera, beraz, norberak bere burua zalantzan jartzea eta espazio komun bat topatzea izan da egin duten hautua. Emaitza, soilik kontzeptualki elkartutako CDa. «Diskoan ez dago kontakizun zehatz bat eta, lehen begiradan, pieza batek ez du zerikusirik bestearekin, baina kontzeptualki lotzen dituen hari subterraneo bat dago. Oso kontzeptualki lotutako zerbait da, oso koherentea», iritzi zion Lujanbiok.
Diskoaren piezak grabatzeko lanean orain hilabete batzuk abiatu ziren, baina zeregin horretan hasi zirenean ere, ez zegoen beren helburuen artean grabatutako hori disko bilakatzea. Zati batzuk grabatu zituztenean ohartu ziren beren lanak bazuela halako corpus bat eta agian hura disko batean biltzea ideia ona litzatekeela.
Nolanahi ere, estudioa ez zen grabazio toki soila izan, ez zituzten aurrez entseatutako piezak jo; estudioa, buruan zituzten ideiak islatzeko laborategi bilakatu zuten. «Estudioa ez da izan aitzinetik egindako zerbait grabatu eta CD batean sartzeko tokia. Aitzinetik geneuzkanak ideiak besterik ez ziren, aurrez denon artean eztabaidatutakoak, eta estudioa bera haiek garatzeko laborategia izan da. Laborategi horretan, azken batean, hipotesi batzuk planteatzen genituen, ez genuen tesi baten gainean lan egin», nabarmendu zuen Erkiziak.
Baina zer da musika? Soinua, zarata, hotsa, hatsa...? Galdera sorta horren inguruan gogoetaren bila aritu da hirukotea. Erkiziaren aburuz, «musikak zerbait amesten baldin badu, galderak egitea da hori; musikak eta arteak orokorrean. Lortzen baldin badu ikusleak, entzuleak edo beste aldean dagoen horrek galderak egitea, jada nahikoa da». Egungo kulturan kontrako joera nagusitzen dela uste du ordea, hots, galderak ez direla sobera ongi etorriak. «Galderak egitea deserosoa da -esan zuen-, haurraren papera egitea bezalakoxea: Hori zergatik da horrela? Eta zergatik ez beste erara? Ez dakit entzuleak koherentzia hori nola jasoko duen edo guztiz inkoherentea irudituko zaion gure proposamena, baina galdera horiek hor jarraitzen dute eta ez dira gure diskoarekin amaitzen».
«Ornitorrinkus» ez da musika disko bat. Hala azpimarratu zuten behintzat Monterok eta Lujanbiok. «Ezin da esan gurea musika disko bat denik, ez dut uste entzuleak etxeko garbiketak egiten ari den bitartean `Ornitorrinkus' jarrita izango duenik», esan zuen saxofoi jotzaileak. «Bakoitzak entzuteko era bat hautatuko du, baina dedikazio bat eskatzen duen lana da», iritzi dio, bere aldetik, Lujanbiok.
Hernaniko bertsolaria izan da diskoko letren sortzailea, «Ornitorrinkus» kontzeptuan eta ideia sailkaezin horietan oinarrituta. «Guk sortu dugun hizkuntza, giro eta mundu txiki horretan eragindako termino, metafora eta ideiak bildu ditugu», ohartarazi zuen. Hala, letra hutsalez harago, haien bitartez ariketak ere proposatzen dira. «Nire kasuan, bertsoetatik abiatuta dekonstrukzio, gain jartze, errepika edo dena delakoak, bertsoaren estruktura elementu adierazgarri bezala erabili ditut. Ez dira testuak bakarrik, baizik eta estruktura bera da garrantzizkoa, bertsolaritzaren ritualizazioa, jendeak gertatuko dela badakien hori erabiltzea guretzat lan tresna gisa».
Paperezko euskarriak eta soinuzkoak elkar jotzen dute egitasmo honen bilduman, disko-liburu deitzen den objektu definigaitz horretan. Objektua, diskoa, Xabier Gantzarain eta Eneko Aristik diseinatua da. Bertan, Jose Belmonte marrazkilariak soinu piezak irudi bihurtu ditu. Kantu bakoitzari indibidualki loturiko marrazkiek, aldi berean eta elkarrekin osotasun bat egiten dute, piztia ezezagun miragarri bat sortuz: Ornitorrinkus.
Belmonteren marrazkiez eta Maialen Lujanbioren bertso eta testuez gain, Jakoba Errekondo, Joseba Sarrionandia, Xabier Erkizia eta Ixiar Rozasek idatzitako testu berriak ere biltzen ditu liburuak, soinu piezak abiapuntu hartuta espresuki sortutakoak.
Izenburua: «Ornitorrinkus».
Taldekideak: Maialen Lujanbio (bertsolaria), Judith Montero (saxofoi jotzailea), Xabier Erkizia (musikaria).
Emanaldiak: Abenduak 7, Ahotsenean. Abenduak 8, Hernanin «Bertso-Lata».