GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Erremontea Binakako txapelketa

Urriza eta Etxeberria finaletik oso hurbil daude

Uste baino errazago lortu zuten finalerdietako lehen puntua atzo Galarretan. Lizasok ez zuen bere egunik onena izan eta ez zion batere lagundu Juaristiri.

p034_f01.jpg

URRIZA-ETXEBERRIA 40

JUARISTI-LIZASO 28

GARA | HERNANI

Urriza eta Etxeberria III.a Binakako txapelketako finaletik oso gertu daude, atzo Juaristiri eta Lizasori uste baino askoz errazago irabazi ostean. Ezarritako sistema honetan finalerdietan bi partida irabazi behar dira, eta markagailuak ez du inolako garrantzirik, baina atzo kantxa gainean agerian geratu ziren aldeak, eta horrek aukera gutxi uzten die galtzaileei.

Partidak ez zuen sekretu handirik izan, Urriza eta Etxeberria III.a hobeak eta askoz seguruagoak izan ziren. Partidaren giltza Lizasok Juaristiri eskainitako laguntza eskasean egon zen. Atzelariak ez zuen bere egunik onena izan eta bikote nafar-gipuzkoarra finaletik dexente urrundu zen.

Urrizak eta Etxeberria III.ak, ordea, lehia ondo hasi eta hobeto bukatu zuten. Hasiera-hasieratik hartu zuten aurrea markagailuan eta ez zuten sekula utzi. Lehen alde nabarmena 5-0ekoarekin heldu zen, eta urdinek lau tantorekin erantzun zuten arren, gorriek berehala zabaldu zuten aldea, bost eta zortzi tanto artean egonkortu zena.

Juaristiren ahalegina

Gorriak 20-12 aurreratu zirenean, Juaristik bikotearen ardura bizkar gainean hartu zuen, eta, bi paretakoarekin asmatuz, 21-21 gerturatu ahal izan zuten galtzaileek. Erremate horrekin egindako huts batek, ordea, berriz ere aldendu zituen arerioak.

Hortik aurrera, Urrizak eta Etxeberriak ez zuten barkatu eta ia zuzenean joan ziren 35. kartoira. Lizasok pilota asko entregatu zituen eta Urrizak ez zuen barkatu.

Juaristik eta Lizasok asko hobetu beharko dute larunbatean hirugarren partida behartzeko.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo