GARA > Idatzia > Kultura

DURANGOKO AZOKA

Eta zuk? zein egutegirekin igaroko dituzu hilabeteak orriz orri?

Txikiak, poltsikoan eramateko modukoak edo handixeagoak, paretan zintzilikatzekoak. Hilero argazki ezberdin bat erakusten dutenak edo egunero orritxoa kentzea eskatzen dutenak. Ez da lan makala egutegi aproposa hautatzea, ezta agenda egokia zein den jakitea ere. Batzuek aste osoa aldi berean ikusi nahi duten bitartean besteek nahiago baitute egunez egun egitea.

p042_f01_135x92.jpg

Edonolako erabakia dirudi, hutsala, eraginik gabekoa baina, urtea nahiz egunerokotasuna atontzen lagunduko diguten egutegi eta agendak ondo aukeratzeak badu bere garrantzia. Hilabeteak antolatzeko modua, zenbakien neurria edota oharrak idatzi ahal izateko tartea izatea dira, besteak, beste, kontuan hartzekoak. Agendarekin beste hainbeste gertatzen da. Batzuek hau irekitzean aste osoa izan nahi dute begi bistan, astelehenetik igandera bitartean egitekoak dituzten guztiak ikusteko. Esan bezala, gustu kontua da, izan ere, beste batzuek nahiago dute egunez egun antolatu. Bi produktu hauek liburuekin batera betetzen dituzte erakusmahaiak egunotan Azokan, gero eta elkarte edota komunikabide gehiagok ateratzen baitute eurena. Nork ez du hauetako baten beharra urtarrila hastear dagoenean? Hona hemen proposamen batzuk.

Arantzazuko Amaren egutegia 1947. urtean argitaratu zen lehenengoz eta geroztik hutsik egin gabe atera dute. Txikia eta loditxoa; 365 orri baititu beraienak. «Orri bakoitzean egunaren zenbaki handiaz gainera, zein santuren eguna den adierazten da, euskal esaera zahar bat irakur daiteke eta ilargia zein fasetan dagoen ikus daiteke», azaldu du salmahaian den Mentxu Alberrok. Orri bakoitzaren atzealdean, berriz, hausnarketa txiki bat ageri da.

Guztiz kontrako estiloa hautatu du GARAk urtea antolatzeko. Aurreko sei edizioetan bezala, orri bakarrean hilabete guztiak agertzen dira eta irudia nagusitzen da. Aurten Mexikoko Iraultzari keinu egin nahi izan diogu gertaeren lehen mendeurrena ospatzeko. Datorren abenduaren 17an egunkariarekin batera doan eskuratu daiteke, baina dagoeneko Azokan, GARAko mahaietan (69 eta 70) gutxienez bost euroko erosketa eginda, lor daiteke.

Agenden bidez eragiten

Gerediaga elkartekoek ere txukun zaintzen dituzte argazkiak. Durangaldeko antzinako argazkiez baliatuz, hilabeteko irudi bat erakusten duen egutegia egiten dute. Formatua denborarekin aldatu egin dute, kolorea bezalaxe. Joxe Mari Uriartek azaltzen duenez, 2011koa zuri-beltzean egin dute, zenbaki handiak eta oharrak idazteko tarte zuriak ditu. «A, albo batean aurreko nahiz hurrengo hilabetea tamaina txikian ikus daiteke!».

Euskal Herrian Euskaraz eta Bilgune Feminista dira, besteak beste, agenda egin duten elkarteak, biak ala biak arrakasta handikoak. Batak zein besteak aste osoa erakutsi arren, jorratzen dituzten gaiak ezberdinak dira. Lehenengoak, euskararen erabileraren alde egiten du. Estalki gogorraz hornitua, «azalerako barraskiloaren irudia hautatu dugu, geure elkartearen lana ondo irudikatzen duelako, poliki baina ziur», diote EHEkoek.

Bilgune Feministak proposatzen duena irudiz eta istorioz beteta dator, izan ere, hilabete bakoitza emakumeek egunerokotasunean bizi duten egoera batekin hasten da. Uxue Alberdik idatzitako testuok, Miren Jone Ernagak marrazki ederrez hornitu ditu. Bi neurritan, handian nahiz txikian, urtea emakumezkoen eskubideen aldeko hausnarketa eginez igarotzea proposatzen dute.

Oihane LARRETXEA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo