GARA > Idatzia > Kultura

DURANGOKO AZOKA

Iraneko iraultza berdea? Ez, herriaren aldarria

Anartz Bilbao Kazetaria

Saldu, ez dakigu argitaletxeek salmentarik egingo zuten, baina ederra jarduna atzokoa, Azokak behar-beharrezko zuena. Astiro berotu da Landako, baina hirugarren egunean lortu du betekada, eta merkatutik harago, plaza erraldoi bihurtu da Landako, diosal, aldarrikapen, aurkezpen eta besterekin.

Saltokiak jendez mukuru eta Ahotsenea gainezka eginda, ateak itxi ditu Azokak. Gu eguerdian heldu garenerako baina, milaka ziren bertan zirenak, zapi berdea lepoan. Ez da baina Mahmud Ahmadinejaden aurkako iraniar iraultza berdea Landako plazara iritsi dena. Hemen independentzia da aldarria, eta inoizko Lib Dub jendetsuena egitea asmoa.

Sekuentzia bakarrean egindako bideoklipa omen da Lib Duba. Orain gutxi Katalunian sortu dute jendetsuena, independentziaren alde milaka lagun bilduta. Eta zer egokiagorik Durangoko Azoka erronka horri hordagoa bota eta guk gurea sortzeko? Ptx-ek deia egin, eta inoiz baino gehiago azoka baino plaza bihurtuta, haur, gazte eta zahar, milaka lagun amets baten alde, «Sarri sarri» dantzari. Urtarrilean ikusgai izango da emaitza. Adi!

Eta lotaratu baino lehen, Landako plazatik gertu den taberna txikira joko dugu. Ez da Euskal Herrian zentimetro koadroko euskal sortzaile gehiago jasotzen duen tabernarik, izena espainola oso duen arren. Urtez urte bertan aurkitzen ditugu kultur munduko eragile grinatsuenak, eztabaida sutsuetan, batari eta besteari egurra ematen.

Pena da baina ez ditugu bertan entzunak hona ekarriko. Gure herria txikia da eta ausardia falta zaigu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo