Julen MURGOITIO
«Stock-armairu» horrena
Hotza nagusi egunotan. Hotz handia. Hozmina. «Hoztia»! Hozketa globala edo. Hauxe kolpea! kalean zenbat eta hotz gehiago izan, hainbat eta bero gehiago etxean. Berogailuak bor-bor, bai, baina hozkailuen ondoan. Kontrastea, esango luke baten batek. Kontraesana, esango besteren batek, pentsatu eta gero esan ere. Nonbait neguan etxearen barruan udan etxetik kanpoan legez bizitzea eskubide hartu dugu. Harea, pala eta baldea baino ez da hainbat etxetan behar neguan, bertan jendea, ibili, bainujantziaz baitabil, familia osoak batera olatua egiten duen bitartean; eskubide edo. Tira, harira! Hotza, hain da handia non kantu zaharren armairua zabaltzea otu zaidan. Eta horra, «stock-armairu» zaharrera jo dut, bilatu eta aurkitu ere: «Hotz, hotz, bizion oinok...». Baina ez, bizi guztion oinak ez daude hotz; askorenak bero-bero daude, eta, bizi izan ziren beste batzuen larruak, berotuta. Hala ere, kolpea gero! Beroketa globalaren mundu honetan gero eta gehiago dira neguan marra gorria zeharkatu eta oinak hotz, lar hotz, izatera behartuak. Batzuen hotza beharra da; beste batzuen beroa, ostera, apeta. Askok negu gorrian gorriak ikusi behar. «Stock-armairu» zaharrera berriro: «Honela jarri zuen Jaunaren legeak...». Jauna jabea da eta. Erreskaterik ez oinak hotz dauzkatenentzat, tunel batean berotzen saiatu arren, banku-sukurtsal baten atarian irauten saiatu arren; erreskaterik ez itsaso erdiko migrante behartuentzat. Erreskatea tunelentzat, bankuentzat eta petrolio-ontzientzat da. «...Jaunaren legeak...».
Burtsetako marrazoak bazterreko albiste izaten diren honetan monarkak etorri zaizkit burura. Ezinbestean. Izan ere, non edo non irakurria, iraganaren ez dakit noizkoan, baina laurehun urteren bueltan edo, Nafarroako errege izan ei zen ez dakit noren burua aurkitu berri dute gure iparrean den Estatu horretako jubilatu baten etxean. Nire uste apalean albisteak jubilatua bera izan behar zuen ardatz, ez monarkaren buru soltea. Baina, tira! Kasu honetan sikiera, monarkak burua galdu zuela esan daiteke. Lastima tradizioak ez duela beste Estatu batzuetan iraun. Beharbada, saldari gustua emateko erabili izan du jubilatuak burua, lapikoan sartu-aterean. Parisek mahai bat balio zuela esan omen zuen monarka hark. «Hoztia»! Altsasuk gehiago!