GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ondartxo eremua nolakoa izatea nahi duten zehaztu dute pasaiako bizilagunek

Herriaren etorkizunaz herritarrek erabakitzen dute, bai behintzat Pasaian. Urte luzeak eman dituzte San Pedroko bizilagunek Ondartxotik jarduera industriala kentzeko borrokan; orain, eremu horri eman beharreko erabileraren gainean eztabaidatu eta proposamenak egiteko aukera izan dute Pasaiako Udalak antolatutako parte-hartze prozesuaren baitan. Pasaitarrek, herriko gaietan protagonista izan nahi dutela erakutsi dute.

p020_f02.jpg

Janire ARRONDO

Herritarrek eta Udalak elkarrekin lanean aritzeko gunea osatu dute Pasaian. Euren herria eraikitzeko erabaki gunea Pasaian bertan dagoela ulertuta eta aurretik beste hainbat proiekturekin egin bezala, Ondartxo eremua eraldatzeko proiektua bizilagunekin elkarlanean egitea erabaki dute. Herriaren eraikuntzan bizilagunen parte-hartzea egia bihurtzeko norabide horretan, beraz, San Pedroko bizilagunek Ondartxo guneaz duten ikuspegia jaso dute azken bi asteotako larunbatetan egindako batzarretan. Gainera, erabilitako dokumentuak eta jasotako ideia guztiak, bere webgunean zintzilikatu ditu Udalak. Orain arteko prozesuetan egin duten gisan, kanpoko laguntza izan dute batzarren garapen eta dinamizaziorako. Horrenbestez, guneari eman behar zaion erabileratik eta bertan jarri beharreko ekipamenduen gainean bizilagunek egindako proposamenetatik abiatuta egingo dute Ondartxoko proiektua. Pasaiako Udalak, San Pedroko arrantza lonjaren gaineko Informazio eta Elkarrizketa Topaketa ere antolatu zuen bere garaian. Topagune horretatik ateratako ondorioak, orain, lonjaren proiektua egiteko baliagarri izaten ari dira.

Obdu Lorenzo Pasaiako zinegotziak dioenez, baina, Ondartxo «puzzleko pieza bat besterik ez da», badiaren biziberritzean eman beharreko pausuetako bat. Biziberritze hori nola egin erabakitzeko parte-hartzearen formula azken legegintzaldian jarri dute martxan. Udal gobernua gustura dago, herritarrak parte hartzen ari direlako eta erabakiak formula sendotzen ari direlako.

Dozenaka akordio azken hamarkadan

Kezkagarria zen oso 80eko eta 90eko hamarkadetan Pasaiako egoera sozioekonomikoa; langabeziak biztanleriaren galera ekarri zuen eta hirigintza ikuspegitik basamortuaren antzera geratu zen modu basatian eraikitako herria. Horiek horrela, 1990etik aurrera Udalak hirigintza planteamenduaren gaineko hausnarketa sakona egin eta eredu herritar baten aldeko apustua egin zuen.

Urrats garrantzitsuak ematen hasi ziren garai horretan; tartean, galdutako edo abandonaturiko guneak berreskuratzea planteatu zuten. Bide horretan, San Pedroko biztanleriaren gutxitzea eta zahartzea gainditzeko Hirigune Historikoak Biziberritzeko Plan Berezia osatu zuten.

Duela ia hamarkada bat, Gipuzkoako Foru Aldundiak Askorreta Ontziola enpresak Ondartxoko lurretan zuen kontzesioa erreskatatuta, haize berriak eraman zituen Pasaialdera. Foru Aldundiko Kultura Sailak aukera berriak ireki zituen, herritarrek eskatzen zituzten beste hainbatekin batera; hala, besteak beste, Pasaiako Badia Parke Ludiko Kulturala egitasmoaren parte zen ontzi tradizionalen ontziola Ondartxon kokatzeko aukera jarri zuen mahai gainean. Lankidetza hitzarmena ere sinatu zuten Oarsoaldea eskualdearen garapenerako agentziak eta Diputazioak.

Pasaiako Udalak dioenez, baina, 2004. urtean Aldundia Ondartxoko gunerako «erabilera alternatiboak» ikertzen hasia zen jada, eremuaren errekuperazioarekin lotutakoak baino, «beste interes batzuen mesedetan egindakoak». Zehazki, arrainkumeak hazteko analisiak egiteko enpresa bat jartzeko asmoa zuten. Bien bitartean, San Pedroko herritarrek Quoruma Batzordea sortu zuten eta Pasaiako Udalean Ondartxoko hondartza errekuperatzea proposatuz mozio bat aurkeztu zuten; udalbatzak onartu egin zuen. Azken hamarkadan beste hainbat akordio ere egin dira hirigintza ikuspegitik degradatua dagoen herrigunerako.

Miguel Buen azalpen eske

Gaur egun Ondartxoko ontziola berrituan konpontzen ari diren Jaizkibel dragako lanetako parte bat Pasaiako Portu Agintaritzak ordaintzen duela eta, Miguel Buen presidenteak Ondartxo eremua portuarena dela esan zion Maider Ziganda Pasaiako alkateari. Berak ere parte-hartze prozesuan parte hartu nahiko lukeela ere bota zuen Buenek.

Udaletik, ordea, Ondartxo eta bertaraino doan bidea herri jabetzakoak direla gogorarazi diote Miguel Bueni. Horrez gain, parte-hartze prozesua herritarrei eta ez Pasaiako Portu Agintaritzari zuzendutakoa dela nabarmendu dute. Udalak hirigintza antolatzeko duen eskumena zapaltzeari utzi eta kanpo portuaren gaineko erabakiak hartzeko parte-hartze prozesua ireki dezala ere eskatu diote Bueni.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo