UEMAk, Kutxak eta Euskadiko Kutxak hitzarmena sinatu dute euskararen alde
Deban atzo sinatutako hitzarmenaren bidez, UEMAko udalerrietan eskaintzen dituzten komunikazio guztiak euskaraz egiteko konpromisoa hartu dute Kutxak eta Euskadiko Kutxak. Konpromiso zehatzak daude testuan, eta bost urteren buruan denak betetzea espero dute.
GARA
Udal Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA), Gipuzkoa Donostia Kutxak eta Euskadiko Kutxak hitzarmena sinatu zuten atzo finantza harremanetan euskararen erabilera areagotzeko asmoz. Debako udaletxean egin zuten ekitaldia UEMAren batzar nagusiaren ostean, eta, lortutako akordioaren bidez, Udal Euskaldunen Mankomunitateko udalerrietan bi finantza erakundeok eskaintzen dituzten komunikazio guztiak euskaraz egin daitezen konpromiso zehatzak hartzen dira. Datozen bost urteotan konpromiso horiek guztiak osorik betetzea aurreikusi dute.
Atzo Deban hartutako konpromisoen artean, honakoak daude besteak beste: langile finkoak zein aldi baterakoak euskaldunak izatea; bezeroei lehen hitza euskaraz egitea; produktuak kontratatzen direnean eskaintzak euskaraz egitea; kontrakoa esan ezean, txartelak euskaraz sortzea; eta euskararen erabilpena sustatzea.
Hitzarmena sinatu aurretik, UEMAk datorren urteko jardueraren zutabeak finkatu zituen Deban bertan egindako batzar nagusian. Bertan, «euskararen herrian denok eroso egotearen aldeko apustua» berretsi zuten.
Datorren ikasturtea udal hauteskundeek baldintzatuko dutelakoan da UEMA. Hori dela eta, eskaera publikoa egin zien atzo alderdi politikoei: udal hauteskundeetako zerrendetan hautagai euskaldunak sartzea.
Bestalde, bizi dugun krisi ekonomikoa kontuan izanik, udalek mankomunitateari ordaindu beharreko kuotak bere horretan mantentzea ebatzi zuen UEMAk laugarren urtez jarraian.
2011rako egitasmoak eta aurrekontua onartzeaz gain, bi mozio ere onartu zituzten batzarkideek atzoko bilkuran. Lehena, haurrak euskaraz erregistratzearen aldekoa. Bigarrena, berriz, Nafarroako Gobernuaren eta lurraldeko hainbat toki entitateren artean indarrean dagoen euskararen garapenerako lankidetza hitzarmena diru laguntza duinekin hornitzearen aldekoa.
Azkenik, UEMAk egin duen barne hausnarketa prozesuaren berri eman zuen batzarrean, eta mankomunitatearen aldeko mezua zabaltzeko asmoz datorren urteko udaberrian topaketa batzuk egingo dituela ere iragarri zuen. Ardatza hizkuntz ekologiaren aldeko diskurtsoa izango dela ere jakinarazi zuten; hizkuntza gutxituek bizirik irauteko zer-nolako ingurunea behar duten ere aztertuko dute.
Debako Udalak aho batez egin du UEMAn sartzeko eskaera. Herriko elkarte ugarik ere bat egingo du aurki eskaerarekin.