GARA > Idatzia > Kirolak> Osasuna

OSASUNA Aragoarren bisita Sadarren

Mila arrazoi Zaragoza hondoratzen saiatzeko

Bartzelonaren aurkako parentesia eta gero, gorritxoek azken sailkatua jasoko dute beren gotorlekuan. Urteko azken partida izatea, aurkari zuzen bat menderatzea eta Aguirreren itzulera, pizgarrietako batzuk.

p046_f01_555x555.jpg

GARA | IRUÑEA

OSASUNA - ZARAGOZA

Osasunak Zaragozaren aurka indarrak neurtzen dituen bakoitzean gertatzen den bezala, partida beroa espero da gaur arratsalderako Sadar futbol zelaian. Baina kasu honetan, lehiak garrantzi berezia du iruindarrentzat, aurkaria sailkapeneko azken postuan baitago eta garaipena lortzeak bien arteko tartea hamar puntutaraino areagotzea esan nahiko bailuke. Horri guztiari Javier Vasco Aguirreren itzulera eta urteko azken partida izango dela gehitzen badiogu, argi geratzen da neurketa erakargarri baten aurrean gaudela.

Moralez gainezka iritsiko dira gorritxoak gaurko demara. Aurreko astelehenean ia galduta zuten partida bat berdintzea lortu zuten Valentzian eta hainbat jokalari garrantzitsu maila onean aritu ziren: Juanfran hegalean, Aranda erasoan eta Vadocz zelai erdian. Hungariarraren partaidetza da, hain zuzen ere, gaurko zalantza nagusia hamaikakoan, Camachok haren eta Patxi Puñalen arteko aukeraketa egin beharko baitu. Pandianik min hartu ostean, badirudi Lekic hasieratik arituko dela aurrealdean, eta, Aranda, berriz, Mestallan bezalaxe, aulkitik irtengo dela.

Zaragozari dagokionez, kinka larrian iritsiko da Iruñera. Denboraldi benetan kaxkarra egiten ari dira eta ez dirudi, oraingoz behintzat, entrenatzaile aldaketarekin susperraldirik izan dutenik. Aguirrek taldeko jokalari guztiak deitu ditu, harremanak sendotze aldera, eta ez dago batere argi zer hamaikako zelairatuko duen. Gabi eta Lanzaro zigortuta daude, eta haien ordez Ponzio eta Contini arituko dira ziurrenik. Zelai erdian Edmilson edo Pinter jarri da zalantzetako bat, eta aurrelari postuan Sinama Pongolle edota Marco Perez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo