ERRUGBIA European Challenge
Avironek ez du Italian jokatzerik izan elurra dela-eta
Atzo Cavalieriren aurka jokatu beharrekoa gaur arratsalderako iragarri dute.
TRIMAN 6
GUADALAJARA 3
Jon LEUNDA
Avironek ezin izan zuen atzo jokatu Italian European Challengeko norgehiagoka. Cavalieri taldearen zelaian jokatu behar zuen, baina elurrak galarazi zuen norgehiagoka. Ondorioz, gaurko atzeratu dute, eta, hasiera batean, 15.00etarako iragarri dute.
Arazoak pilatu egin zaizkie lapurtarrei partidaren atarian, zelaian ez ezik, baionarren bidaian bertan ere arazoak sortu baititu elurrak. Baionarrek jokatu behar duten hirian igaro behar zuten gaua herenegun, baina, azkenean, elurra zela-eta, ezin izan zuten bertaratu. Hori gutxi ez, eta zelaia bera ere ez zegoen atzo jokatzeko moduan; azkenean, arratsaldean partida gaurko uztea erabaki zuten.
Partida iragarritako orduan hastea ezinezkoa zenez, beranduago jokatzeko aukera ere aztertu zuten baionarrak bertaratu zirenean, baina zelaiak ez zituen baldintzak betetzen, eta ez jokatzeko hautua egin zuten. Data gehiegi ez dago libre eta gaur jokatu nahi dute; hala, Cavalieriren zelaia jokatzeko moduan ez badago, partida lekuz aldatuko dela iragarri dute. Multzoko beste partidan, Connacht taldeak etxean galdu zuen 9-15 Harlequins taldearen aurka.
Bera Bera
Ohorezko Mailan, Pegamo Bera Berak datorren jardunaldiko partida aurreratu egin zuen, asteburuan ez baitago jardunaldirik. Gauzak baina oker atera zitzaizkien donostiarrei, 11-17 galdu baitzuten etxean Santboianaren aurka. Oliverasek egin zuen donostiarren entsegu bakarra, eta Mittouezek bi zigor kolpe gauzatu zituen. Azken boladan bikain ari ziren gipuzkoarrak, baina atzokoan kolpe dezentea hartu zuten, lehen postuetara gerturatzeko aukera ederra baitzuten. Hala ere, defentsako puntua behintzat batu ahal izan zuen Pegamo Bera Berak.
Hamabostekoa honako hau izan zen: Urtzi Abantzabalegi, Unai Lasa, Herbaut, Hernandez, Oskar Astarloa, O'Connor, Lopategi, Arbelaitz, Mirones, Mittoux, Armental, Marshall, Stanley, Thomson eta Clare. Jokin eta Beñat Gorrotxategi eta Alberto Oliveras ere aritu ziren.
Emakumezkoen Ohorezko Mailan, Gaztedik denboraldiko lehen garaipena erdietsi zuen atzo, Pozuelori 19 eta 15 irabazita. Atzokoa hirugarren jardunaldia zen, eta zazpi talde direnez lehian ari direnak, jardunaldiro batek atseden hartu beharra du; oraingoan Getxori egokitu zaio.