GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

BEREZKOAK

Waltari eta Harizmendi dira finalean izateko faborito nagusiak

Jon LEUNDA

Harizmendi eta Waltari dira gaur 16.00etatik aurrera Donibane Garaziko trinketean jokatuko diren Superprestigioko finalerdiak irabazteko faborito nagusiak.

Lehen finalerdian Etxeberri eta Waltari neurtuko dira. Lapurtarra bi garaipen lortuta heldu da finalaren atarikoa jokatzera, eta, kubatarra, berriz, lehen aldiz arituko da, finalerdietara zuzenean sailkatu baita. Horrek bere arriskua izan dezake.

Dena dela, kubatarra da egungo txapelduna, erakutsi du trinket zaharretan ere jokatzen badakiela, eta dirua nabarmen izango du bere alde. Etxeberri, berriz, galtzeko gutxirekin eta irabazteko askorekin kantxaratuko da.

Bigarren finalerdian Harizmendi Lemunoren aurka arituko da. Kolonbiarra da lehiaketa honetako berrikuntza nagusia. Ezker paretako profesionala da, eta trinketean aukera eman diote Kolonbian jaio eta Lapurdin hezitako pilotariari. Azken egunotan Jean Batiste Garaten gidaritzapean aritu da partida prestatzen, baina zaila izango du. Izan ere, Harizmendi maila oso ona duela erakusten ari da lehiaketa honetan eta orain dela bi urte jokatutako finala errepikatzeko asmoa ere agertu du Nafarroa Beherekoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo