D ereduko ikasleei zuzenean aitortuko zaie euskararen ezagutza
Lakuako Gobernua ikasketak euskaraz egiten dituztenek Administrazioaren lan eskaintzetan euskararen ezagutza egiaztatzeko probak egin beharrik izan ez dezaten proiektua prestatzen ari da. Egitasmoak aurrera egiten badu, unibertsitateko ikasketak egiten dituztenei EGA tituluaren mailako ezagutza aitortuko zaie eta B2 edo Hezkuntzako PL1 maila batxilergoa egiten dutenei.GARA |
Ikasketak euskaraz egiten dituztenek ez dute euskararen ezagutza egiaztatzeko azterketarik egin beharko, Lakuako Gobernuak indarrean jarri nahi duen dekretua onartzen baldin bada. Lakuako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura sailek atzo iragarri zutenez, datorren ikasturtean onartu nahi dute neurria eta Administrazioak egiten dituen lan eskaintza publikoetan izango du eragina batik bat.
Celaa eta Urgell Hezkuntza eta Kultura sailburuek azaldu zutenez, unibertsitateko titulua euskaraz atera dutenek ez lukete EGAren baliokidea den C1 titulua egiaztatzeko azterketarik egin beharrik izango, ezta Hezkuntzako PL2 maila edota Administrazio Publikoko 3. profila egiaztatzeko probarik ere. Bestalde, D ereduan ikasi eta batxilergoa amaitu dutenek, B2 maila, Hezkuntzako PL1 maila eta Administrazio Publikoko 2. profila izango lituzkete egiaztatuta.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren kasuan, euskaraz ikasi dutenek ez lukete B1 maila -Administrazio Publikoko 1. profilaren baliokidea- egiaztatzeko azterketarik egin beharrik izango, Lakuak atzo jakinarazitako proposamenean jasotakoaren arabera. Dekretua datorren urteko azken hiruhilekoan onartu nahi du Gobernuak. Celaak eta Urgellek atzo aurreratu dutenez, ez dute zalantzarik D ereduko ikasleen gainean aurreikusitako neurriak onartu onartuko direla.
B ereduko ikasleen kasuan, aldiz, zehazteke dago oraindik ere euskaraz egindako ikasgaien ehunekoa zein izan beharko den hizkuntz eskakizunak egiaztatu beharrik ez izateko. Esan zutenez, prestatzen ari diren dekretuak ez du eraginik izango A ereduko ikasleengan. Hori bai, ez zuten argitu neurriak atzeraeraginezko ondoriorik izango ote duen.
«Diskriminatzailea»
Celaak atzo adierazi zuenez, ikasketak euskaraz egin dituztenei hizkuntzaren ezagutza egiaztatzeko titulazioa eskatzea «ez da premiazkoa, eta, gainera, diskriminatzailea da». Nabarmendu zuenez, ikasle horiei ez zaie antzeko probarik eskatzen gazteleraren ezagutza frogatzeko.
Datorren urtean indarrean jarri nahi duten dekretua azaltzerakoan, dagoeneko unibertsitateekin elkarrizketak «nahiko aurreratuta» dituztela aurreratu zuten bi sailburuek. Bestalde, proposamena «orekaz eta heldutasunez» jorratzeko asmoa azaldu zuten, baita alderdi politikoen artean «adostasuna» bilatzeko xedea ere.
Lakuak proposatzen duen neurriakD ereduko ikasleengan izango du eragina. Euskararen ezagutza, egindako ikasketen arabera neurtuko da.