GARA > Idatzia > Mundua

Seulen «probokazioari» ez erantzutea erabaki duela nabarmendu du Piongiangek

Hego Koreak atzo Ipar Koreatik bertatik bertara egin zituen ariketa militarrek ez dute ondoriorik izan. Piongiangek azaldu duenez, «ez du pena merezi Seulen probokazio bakoitzari erantzuteak». Bi Koreen arteko tentsioa nabarmen igo dute Seulek egindako azken ariketa militarrek.

p021_f01_63870.jpg

GARA |

Yeonpyeong uhartearen inguruan Hego Koreak atzo egin zituen ariketa militarrei ez erantzutea erabaki du Ipar Koreak. Izan ere, Piongiangek Ipar Koreako KCNA agentziari adierazi zioenez, «Seulen probokazioei aurre egiteak ez du pena merezi».

Ipar Koreako Armadako buruak nabarmendu zuenez, «gure ustez ez du pena merezi probokazio bakoitzari erantzuteak». Hego Koreak benetako armak erabili zituen atzo Yeonpyeong uhartetik gertu egindako ariketa militarretan; hasi eta bi ordura amaitu ziren ariketok. Irla hori Ipar Koreako kostaldetik oso gertu dago eta Piongiangek beretzat aldarrikatzen du. Are gehiago, azaroaren 23an, Ipar Koreak eraso egin zion uharteari. 1950 eta 1953 arteko gerran ere, bi aldeen arteko borroka gune garrantzitsu izan zen uhartea.

Hego Koreako Armadako buru Lee Bung-wooren esanetan, Ipar Koreako militarrek «ez zuten probokazio berririk gauzatu» ariketa militarrak egiten ari ziren bitartean. Joan den ostiralean, Seulek Itsaso Horian ariketa militarrekin jarraitzen bazuen eraso berri bati ekingo ziola nabarmendu zuen Piongiangek.

Balizko erasoari aurre egiteko, Seulek prest zituen jada hainbat hegazkin eta Itsas Armadako hamar ontzi, tartean misilen aurkako defentsarako prestatuko Aegis boteretsua. Horrez gain, uhartean zeuden 280 biztanle, kazetari eta funtzionarioak babeslekuetara eraman zituzten ariketa militarrekin hasi baino lehen.

Txinak, Ipar Korearen aliatu nagusiak, mezu bat zabaldu zuen atzo gauzak baretze aldera. Seulen ariketak salatu zituen Txinak, «inork ez baitu gatazka bat hasi edo mikazteko eskubiderik».

Ikuskatzaileei baiezkoa

Piongiangera berriki egin duen bisitaren ostean Bill Richardoson Mexiko Berriko gobernadoreak adierazi duenez, Ipar Korea prest dago Nazio Batuetako ikuskatzaileek berriz ere bere programa nuklearra azter dezaten. Richardsonen esanetan, Ipar Korearen erabakiaren helburua eskualdean nagusi den tentsio maila jaistea litzateke.

Horrekin batera, betiere Richardsonen arabera, Piongiang prest da erregai nukleardun barren salmenta negoziatzeko eta telefono gorri bat paratzeko.

errusia, kezkatuta

Interfax agentziaren arabera, Errusiako diplomaziak bere kezka azaldu zuen atzo Hego Koreak egindako ariketa militarren ondorioz eskualdea gerratik gertu egon zelako azaroaren 23an.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo