AHTk ekarritako «diru xahuketa izugarria» salatzeko ekintzek ez dute etenik
Larunbatean AHTk ekarritako gastu ekonomikoa salatzeko gauzatu zuen ekintzari jarraikortasuna eman zion atzokoan Bilbon eta Iruñean Mugitu! mugimenduak. TAOko langilez mozorrotuta, herritarrei isun faltsuekin batera informazioa banatzen aritu ziren ekimeneko kideak.
GARA | IRUÑEA
Joan den larunbatean isun itxurako orri informatiboak autoetan jarri izanaren helburua AHTk eragindako kostuen berri ematea izan zela argitu zuen atzokoan Mugitu! mugimenduak Iruñean emandako prentsaurrekoan.
Desobedientzia zibilaren bitartez abiadura handiko trena egiteko egitasmoaren kontra egiten du kolektiboak. Larunbatean, Euskal Herri osoko milaka pertsonek isun faltsuak aurkitu zituzten euren autoetan. Agintari eta poliziaz mozorrotutako aktibistek azaldu zutenez, larunbatean jasaten ari garen «diru xahuketa izugarria» salatu nahi izan zuten, «AHTren makroproiektuak 3.000 milioi euro baino gehiagoko kostua izango baitu». Mugitu!-k prentsaren aurrean azaldutakoaren arabera, «egitasmoa aurrera eramateko sorturiko gainkostuak denon artean ordaindu beharko ditugu, proiektu honek gutxi batzuen interesei erantzuten badie ere». Salatu zutenez, Castejon-Iruñerria zatiko finantziazio hitzarmena jada sinatuta dago; guztira, 675 milioiko kostua izango du. Nafarroako Gobernuak 387 milioi euro aurreratuko ditu, «eta, hori egin ahal izateko, mailegu bat eskatu beharko du».
Mugimenduak atzo azaldu zuenez, «Nafarroako instituzioek abiadura handiko trenak eragingo dituen kalte ekologiko, ekonomiko eta sozialei buruz herritarrak informatzeko eta eztabaida soziala bultzatzeko inolako borondaterik ez» duelako jarri zituzten larunbatean isun faltsuak. Horrez gain, krisi garaian ere «Nafarroako eta Espainiako gobernuek lurraldea suntsitzen duten azpiegitura erraldoiak eraikitzeko eta espekulazioa bultzatzeko politika berberekin» jarraitzen dutela salatu zuten.
Kolektiboaren ustez, eraikuntza enpresa, entitate finantzario eta enpresa energetikoen mesederako politika jarraitzen ari dira gobernuak. Bestalde, herritarren interesei erantzuten ez dien azpiegitura hau aurrera eramatean, UPN eta PSN «egoskorkeria izugarria» erakusten ari direla salatu zuten.
Agenteak, isunak jartzen
Nafarroan ez ezik, Bilbon ere salatu zuen atzokoan Mugitu!-k AHTren «zentzugabeko kostu ekonomikoa». Horretarako, Ogasunak Bilboko Moyua plazan duen eraikinaren aurrean elkarretaratzea egin zuten. “AHT ordainezina da” lelodun pankartaren atzean, “nOTAv”-eko agentez eta poliziaz jantzitako aktibistek isun faltsuak banatu zituzten herritarren artean. Bitartean, beste bi aktibistek lanek suposatzen duten gastuen berri eman zuten.