«Aldaketa sozialaren aldeko asteak» antolatu ditu Herria Abian! plataformak
Gaur egungo eredu sozioekonomikoaren aurrean alternatiba badagoela erakusteko, «Aldaketarako Abiapuntua» lanabesa sozializatu nahi du Herria Abian ekimenak. Gakoa aktibazio sozialean dagoela berretsi du.
A.Z. | DONOSTIA
Euskal Herriak eta euskal langileriak behar duten aldaketa soziala erdiesteko «Aldaketarako Abiapuntua» lanabesa sortu zuen pasa den ekainean Herria Abian! plataformak. Hain justu, lanabes hori sozializatzeko eta gaur egungo ereduaren aurrean alternatiba badagoela erakusteko, «aldaketa sozialaren aldeko asteak» antolatu ditu Herria Abian! ekimenak datozen asteotarako.
Horiek horrela, gaur egungo eredu sozioekonomikoaren «aldaketa sakona» exijitu zuen atzo Herria Abian-ek Donostian egindako prentsa agerraldian. Izan ere, «kapitalismo globalizatuaren aurkako borrokari egin diezaiokegun ekarpenik onena Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat eredu horrekiko alternatiba eraikitzea da», adierazi zuten. Alternatiba horrek, gainera, «egunez egun herri hau aurrera ateratzen dutenek beren etorkizuna antolatzeko eta erabakitzeko aukera izan dezaten bermatu behar du ezinbestean».
Era berean, bere sorreratik aldaketa oinarritik etorri behar dela defendatu duela gogoratu zuen Herria Abian-ek. Izan ere, ekimeneko kideek oso argi dute instituzioek patronalarekin lerrokatuta daudela erakutsi dutela, «ez baitute ekonomia pertsonen eskubideak eta herrien beharrak asetzeko antolatzen». Aitzitik, ekonomiaren izenean pertsonak eta herriak «sakrifikatu» egiten dituztela salatu zuten.
Gaur egun indarrean den sistemak sortzen dituen desberdintasunak gure herrian ere begi bistakoak direla adierazi zuen Herria Abian-ek. Hala, azken hamarkadan ekoizpena nabarmen handitu den arren, sortu den aberastasunak biztanleriaren bizi baldintzak ez dituela hobetu kritikatu zuten ekimeneko kideek. Aitzitik, enpresek eta bankuek izugarrizko irabaziak iragartzen dituzten bitartean, soldatak pisua galtzen ari direla, prekarietatea zabaltzen ari dela eta lan istripuak betikotzen ari direla gaitzetsi zuten.
Hori dela eta, Herria Abian ekimena osatzen duten pertsona eta taldeek «espekulatzaile batzuek sortu duten krisia» ordaintzeko prest ez daudela berretsi zuten. «Ez gara besoak gurutzaturik geldituko `kapitalismoaren berreraikuntza' delakoa aldarrikatzen duten bitartean», ohartarazi zuten. Beraz, egungo ereduaren aldaketa sakona helburu, hitzaldiak, bilkurak eta bestelako hamaika ekintza burutuko dituzte «aldaketa sozialaren aldeko asteen» bidez. Iruñean pasa den astean egin zuten. Bilbon urtarrilaren azken astean ospatuko dute, Gasteizen otsailaren 21etik 26ra, Donostian martxoaren 14tik 20ra, eta, Tolosan, martxoaren 21etik 26ra.
Herria Abian! ekimenak oso argi du instituzioak patronalarekin erabat lerrokatuta daudela egun, «ez baitute ekonomia pertsonen eskubideak eta herrien beharrak asetzeko antolatzen».