GARA > Idatzia > Kultura

Valentin de Zubiaurreri eskaini dio EOSek Euskal Konpositoreen Bildumako 13. zenbakia

Orkestraren ohiko kolaboratzaile den Juan Jose Ocon maisuak egin ditu zuzendari lanak eta Roman Jablonski izan da Valentin de Zubiaurreren lan esanguratsuenak biltzen dituen bildumako biolontxelo jotzaile nagusia.

p043_f01_096x084.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Euskal Konpositoreen Bildumak Valentin de Zubiaurre (Garai, 1837-1914) musikagile bizkaitarrari eskaini dio bere hamahirugarren zenbakia, ohi bezala, Claves zigilu suitzarrarekin argitaratutakoa. Zubiaurreren konposizio katalogoak berrehun obra baino gehiago biltzen ditu: operak, zarzuelak, mezak, orkestrarako obrak, ahots taldeentzako konposizioak, ganbera, piano eta organo lanak eta Errege Kaperako hainbat oposizio-ariketa. Jaioterriarekin izan zuen harreman estuaren ondorioz, euskarazko obra adierazgarriak ere konposatu zituen.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS), ordea, lanik adierazgarrienak bildu ditu lan honetan. Hala, «Sinfonia mi» eta «Ecos de Oiz» (biolontxelorako melodia, orkestra akonpainamendua duena) obrak eta «Don Fernando el Emplazado» (hiru ekitaldiko tragedia lirikoa) eta «Ledia» (hiru ekitaldiko drama lirikoa) operen preludioak biltzen dira.

Orkestraren ohiko kolaboratzaile den Juan Jose Ocon maisuak parte hartu du bilduma honetan lehen aldiz, zuzendari lanak egiten. Baita Roman Jablonski biolontxelo jotzaileak ere, «Ecos de Oiz» obraren grabazioan bakarlari lanak egiten. «Biolontxeloarentzat oso ondo idatzita dagoen obra da; musika erregistro guz-guztiak biltzen ditu, goiko notetatik behekoetaraino», azaldu zuen musikariak atzo, diskoaren aurkezpen ekitaldian.

Biolinekin oso zorrotza

Juan Jose Oconen iritziz, «sortzaile klasikoa den arren, erromantizismora garamatzan zertzelada ugari ditu bere obrak». Hala, biolinen garrantziaz mintzatu zen: «Orkestrako lehenengo biolinekin oso zorrotza zela nabari da. Biolinek ez dute arnasa hartzen bere sorkuntzetan, eta haien tinbreak koloreztatzen saiatzen da, metalezko instrumentuak erabiliz, baita egurrezkoen familiakoak baliatuta ere, klarinetea kasu».

Bilduma bereko 15. eta 16. zenbakiak, Iñigo Alberdi EOSeko zuzendari nagusiak agertu zuenez, Pedro Sanjuan (1886-1976) konpositore donostiarrari eta Carmelo Bernaolari (Otxandio, 1929-Madril, 2002) eskainiko dizkio orkestrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo