GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

KOPA Final-zortzirenetako lehen partidak

Norgehiagoka europarrak final-zortzirenei gatza eta piperra emateko

A.U.L.

Kutsu europarrarekin datoz Kopako final-zortzirenak. Izan ere, ligan aurreneko postuetan dauden taldeen arteko bi kanporaketa jokatuko dira final-zortziren hauetan.

Valentziaren eta Vila-realen arteko kanporaketako lehen partida gaur jokatuko da. Bi taldeak Txapeldunen Ligako postuetan egon arren, Juan Carlos Garridoren taldea da faboritoa, bai ligako sailkapenean duen bost puntuko aldeagatik, bai Valentziaren ibilbide irregularragatik ere. Ezin da ahaztu, hala ere, Emeryren taldea dela orain arte Madrigalen puntuatzeko gai izan den bakarra.

Goi mailako partida dago bihar ere; Europa Leagueko postuetan dauden Espanyol eta Atletico Madrilen artekoa, hain zuzen. Espanyolek ondo baino hobeto daki Vicente Calderonen irabaztea zer den; orain dela hilabete eskas egin zuen. Hala ere, larunbatean Bartzelonaren aurka jasandako porrotaren ostean kataluniarrek zer-nolako erreakzioa izaten duten ikusi beharko da. Aurkariaren erantzuna aurreratzea, aldiz, are zailagoa da, Atletico aditua baita zerutik infernura igarotzen.

Real Madrilek, bere aldetik, Levanteren bisita jasoko du, kanporaketa erabakitzeko eta, batez ere, azken orduotan klubean sortutako giro nahaspilatsuarekin amaitzeko asmoz. Mallorcak eta Malagak, berriz, Almeria eta Sevilla bisitatuko dituzte. Azkenik, Deportivo eta Getafe Bigarren Mailako Kordoba eta Betisen aurka ariko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo