GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

European Challenge

Nahi bezain azkar ez, baina helburua bete du Avironek

Iragarritakoa baino bi egun geroago jokatu arren, baionarrek bost puntuak batzeko modua egin dute.

CAVALIERI 7

AVIRON 31

Jon LEUNDA

Azkenean Avironek jokatu ahal izan du bere partida Italian, eta hiru egunetan itxaron behar izanak ere pena balio izan du: amaieran garaipena eta erasoko puntua batu eta sailkapeneko lehen postuan kokatu da.

Seguruenik asteburu hau ez dute erraz ahaztuko Avirongo jokalariek. Ostiralean atera ziren Baionatik Pratora joan, bertan lo egin eta larunbatean jokatzeko, baina bidaia amesgaizto bihurtu zaie. Elurra zela-eta, ezin izan zuten larunbatera bitarte iritsi Italiara. Gero, larunbatean ez zen partida jokatzerik izan, eta, ondorioz, igandera atzeratu zuten. Herenegun ere elurrak neurketa galarazi zuen. Azkenean, atzo jokatu ahal izan zuten partida. Hori bai, Livornon. Amaiera, ordea, bikaina izan da.

Italiarren aurkako bi partiden aitzinetik, Baionan garbi esan zuten lehiaketa honetan zerbait egin nahi bazuten, hamar puntu atera behar zituztela. Bada, horixe egin dute. Pasa den astean astindu egin zituzten, eta, atzokoan, helburua betetzea zailagoa izan bazen ere, bapo bete zuten.

Lievremontek zuzentzen dituen mutilek hasieratik garbi erakutsi zuten zein zen nagusi, eta lehen minututik bertatik izan zuten partida kontrolpean. Puntuak erortzen hasi ziren, baita entseguak ere. Laugarren entsegua gauzatu zutenean, jokoa lasaitu egin zuten, garaipena eta erasoko puntua seguru baitzituzten. Lasaialdi horretaz baliatu ziren italiarrak entsegu bat lortu eta markagailua apur bat itxuratzeko.

Uneotan bi jardunaldi geratzen dira lehen fasea amaitzeko, eta Aviron da multzoko liderra. Hori bai, puntu bakarra kentzen dio Harlequins taldeari.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo