GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Bertatik eta bertokoekin, GARA Afganistanen

Afganistaneko NATOren okupazio militarraren bideragarritasuna eta sinesgarritasuna Helmand eta Kandahar probintzietan jokatzen ari da neurri handi batean. Helmand taliban mugimenduaren sorleku eta gotorlekua, munduko opioaren %90 ekoizten den gunea eta Obamaren «estrategia berrituaren» neurgailua izanik, bertako bataila irabaztea erabakigarria da irabazterik ez dagoen gerrarekin amaitzeko. Izan ere, baketutako Helmand bat «saltzea», alde egiteko egutegi ohoragarria «erostea» da okupatzaileentzat. Ziurrenik munduko toki arriskutsuenetariko bat den lurraldea, komunikabideen arretagune ezinbesteko ere bilakatu da. Hori bai, bertatik iristen zaizkigun kazetaritza lanik gehienak NATOren indar militarretan integratuta egindakoak dira.

GARAk, Helmand probintziako operazioak Afganistango gerran duen garrantziaz jabeturik eta gure irakurleei ahal den neurrian lekukotasun zuzenak helarazteko dugun konpromisoari jarraiki, kazetari bat bidali du bertara. Bertatik, bertoko biztanle eta alde askotariko arduradunak elkarrizketatuz, erreportaje sorta interesgarria eskainiko digu kazetari horrek. Gerra propagandatik eta «taliban-gaizto» eta «okupatzaile-salbatzaile» estereotipoetatik harago, herri afganiarraren egoeraz informatzea eta geroa marraztea interes informatibo handikoa iruditzen zaigu. Zailtasunak zailtasun eta arriskuak arrisku.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo