GARA > Idatzia > Kultura

Iaz baino ikusle gutxiago erakarri arren, Kursaaleko ikuskizunak krisiari aurre egiteko gai izan dira

Kursaaleko aretoetara iaz baino 7.000 ikusle gutxiago bertaratu diren arren, denboraldia «ona» izan dela esan zuten atzokoan antolatzaileek. Halaber, urtarrila eta ekaina arteko programazioa aurkeztu zuten.

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

Ia berrogei ikuskizun eskaini ditu Kursaal Fundazioak amaitzear dagoen 2010. urtean eta guztira 42.664 ikusle bertaratu dira. Batez beste, areto txikiak eta auditorioak %82 bete dira. Zifra horiek ikusita, urtea «ona» izan dela adierazi zuen atzo Donostian Iker Goikoetxea Fundazioko kideak. «Egoera absolutuetan esanda, ondo joan dela esan dezakegu -jarraitu zuen-. Kontzertu kopurua azken urteotako bataz bestekoan kokatzen da eta jendearen bertaratzeak publikoaren fideltasuna erakutsi digu». Leialtasun hori, gainera, Donostiako publikotik haratago doa. Izan ere, Gipuzkoako ikusleez gain, «kanpoko asko» gerturatu direla baieztatu zuen Goikoetxeak.

Espero zitekeen bezala, krisia ere hizpide izan zuten atzokoan urteko azterketa egiterakoan. Kursaala, ordea, «krisia gainditzeko gai» izan dela nabarmendu zuen 2010eko denboraldian Fundazioko presidentea izan den Javier Echeniquek. Ildo horretan, krisia eta kalitatezko programazioa «bateragarriak» direla nabarmendu zuen. Fundazioaren finantzaketa ere azpimarratu zuen, izan ere, programazioaren %60 patronatuko kideen diru laguntza pribatuetatik estaltzen den bitartean, %40 sarreren salmentetatik lortzen da.

2011eko aurrekontua ere dagoeneko itxita dago. Goikoetxeak aurreratu zuenez, ia bi milioi eurokoa izango da, iaz baino 45.600 euro gutxiago.

Euskal sorkuntzak

Zifrak alde batera utzita, urtarrila eta ekaina artean eskainiko diren kontzertu eta ikuskizunez mintzatu ziren. Berritasunen artean, urtebeteren ostean balleta bueltatuko dela aurreratu zuten. Suediako Errege Operako Balleta izango da horren arduraduna, maiatzaren 16an.

Euskal Herrian egindako ekoizpenek leku berezia izango dute datorren urtean, Miguel Martin Musika Herrikoiko programazio arduradunak azaldu zuenez. Lehena, urtarrilaren 8an Ken Zazpik emango duen kontzertua izango da -sarrerak aspaldi daude agortuta-. Lehen sei hilabeteetako rock emanaldi bakarra ere izango da. «Euskal Herriko lur maitea» ikuskizunak euskal artista ugari bilduko ditu taula gainean otsailaren 12an, besteak beste Txomin Artola, Gorka Knörr edota Anje Duhalde. Oreka TX talderen «Hostoak» (otsailaren 19) eta «Imanol Donosti Tombuctú» (martxoaren 10) izango dira beste euskal ikuskizunak.

Munduko musika ugari entzun ahal izango direla aurreratu zuen, halaber, Martinek. Madagaskarretik datorren NY Malagasy Orkestra (martxoak 3), Brasileko Gilberto Gil «maisua» (martxoak 27) eta Yemen Blues taldea (maiatzak 11) nabarmentzen dira. Azken taldeak Yemengo doinu tradizionalak eta Afrika mendebaldeko doinuak bateratzen ditu jazz, fun eta blues estiloan. Martinek, azkenik, Carlos Saura zinemagileak ekainaren 24an eta 25ean eskainiko duen «Flamenco hoy» ikuskizuna gomendatu zuen.

Kursaaleko sarrerak, Victoria Eugenian ere salgai

Ikuslea «leihatilaz leihatila ibil ez dadin», hemendik aurrera Kursaalen eskaintzen diren emanaldietako sarrerak Victoria Eugenia antzokiko leihatilan ere erosi ahal izango direla aurreratu zuen atzo Denis Itxasok, Donostiako Gazteria eta Kultura zinegotziak.

Bestalde, «Ordu Gaztea» ekimenaren baitan, 30 urte baino gutxiago dituztenek Victoria Eugenian eta Antzoki Zaharrean eskaintzen diren antzerki sarrerak 3 euroan erosi ahal izango dituzte saioa baino ordu erdi lehenago.

O.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo